GARA > Idatzia > Gutunak

Lutxi Mintegi Gorka Lupiañezen ama

Zer egin dizute, Gorkatxu?

Ama batek bakarrik jakin dezake zein latza den semea non dagoen ez jakitea. Gorka joan den asteko ostegunean atxilotu zutela diote, nahiz eta ostirala arte ez genuen horren berri izan. Zazpi egun joan dira dagoeneko Gorkaz ezer ez dakidala, ezer ez dakigula. Eta orduak pasatu ahala barrena husten ari zait. Zer pentsatu behar dut Guardia Zibilak gure herrian duen historiala ezagututa? Sinetsi behar ote dut beraien hitza?

Gaur nire urtebetetzea da, Gorkatxu, eta ziur nago zauden tokian egonda ere, egun honetaz gogoratuko zarela, beti gogoratu izan zaren bezala. Lora batekin etortzen izan zara beti eta «Zorionak zuri» abesten izan didazu. Aurten, ordea, ez dizute utzi, maitia.

Madrilen izan ginen astelehenean, baina ez zintuzten epailearen aurretik pasa. Asteartean ere bertan ginen, eta esana ziguten ziurrenik ezin izango zintugula ikusi. Baina guk zugandik gertu egon nahi izan genuen eta ez ginen Auzitegi Nazionalaren ingurutik mugitu ere egin. Bertara eraman zintuztenean ere, ustez zu zinen furgonetaraino joan ginen. Entzun gintuzun? Garrasi urratu haiek gureak ziren. Nolako muntaia zeramaten Gorkatxu, baina zer kontatuko dizut zuri, ezta? 50 polizia inguruk osatzen zuten konboi hura eta gu ikustean beraien metrailadoreekin etorri ziren gureganaino. Patrolen barruan geratu zirenek ere armen puntak leihotik ateratzen zituzten gure saminaren testigu izan zitezen edo. Zer uste zuten? Bultzaka eta irainka hasi arren, ordea, ezin izan zuten gure oihua estali. Animo Gorkatxu! Eta azkenean epaileak espetxera bidali zaitu. Ez dakigu nora, ordea. Inkomunikatuta mantentzeko asmo honekin zer ezkutatu nahi dute? Horrenbeste egurtu ote zaituzte seme? Zer egin dizute? Amaren batek ba al daki egoera latz honi nola aurre egin? Hain zaila egiten ari zait niri!

Badakit, maitia, hitz hauek irakurtzeko aukera ere ez dizutela emango. Baina jakizu egoera honek, zer egin ahal izan dizuten pentsatzeak, zure berri ez izateak, noiz eta zer egoeratan ikusiko zaitudan ez jakiteak... arima bera ere hustu eta urratu egiten didala. Hala ere, inork ezin izango dit sekula barrena guztiz hustu, zurekiko maitasunaz beterik egongo bainaiz beti. Mosu handi bat Gorkatxu, izugarri maite zaitugu! Zuk beti esaten duzun bezala, «gaua beti argi maitia!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo