GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Saiakera

Aimar Irigoienek 152 kiloko kubikoarekin marka berri bat ezartzeko asmoa dauka

p048_02_97x96.jpg

J.L. | DONOSTIA

Aimar Irigoienentzat aste garrantzitsua izango da, izan ere, oso egun gutxiren buruan marka egiteko bi saiakera baititu. Bata, etzi, Zizurkilen, eta bestea datorren ostiralean.

Errezildar gazteak, Zizurkilen egingo du estreineko saiakera. Bertan, Irigoien gazteak, 152 kiloko harri kubikoa altxatzen saiatuko da. Hiru minutuko txanda bakar bat izango du, eta Goenatxok 16 jasoalditan duen marka gainditu nahi du 21 urteko gazte honek.

Astean hotzeria izan omen du, baina bera itxaropentsu dago, eta zaleek ere, igandetik aurrera marka berea izango denaren uste osoa dute. Ez ahaztu, Euskal Herriko Txapelketan 16 aldiz berdindu zuela denbora horretan 150 kiloko kubikoa, baina orduan beste harriekin ere egin behar izan zuen lana.

Beraz, pentsatzekoa da, okerrik ez bada, behintzat, errekora ezarriko duela. Aimar, gainera, plazan hazi egiten den horietakoa da, eta ahalegin guztia egingo du, bertara doazen guztiak asetuta uzteko.

Igandekoaz gozatzeko tarte handirik ez du izango berak, ordea, hilaren 21ean Azpeitian 175 kiloko zilindroarekin beste marka saiakera izango baitu.

Etzi Zizurkilera doazenak, ikuskizun ederraz gozatzeko astia izango dute, Aimarren marka saiakeraz gain, han izango baitira Izeta II.a, Goenatxo, Telleria II.a, Urkiola eta Sardoan harri jasotzen. Horiez gain, aizkolariak ere izango dira, eta hantxe arituko dira Arrospide-Olasagasti Larretxearen eta Otaegiren aurka. Ekinaldia pilotalekuan izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo