GARA > Idatzia > Errugbia

Heineken Kopa

Biarritzek bigarren zatian konpondu ditu hutsegiteak

Lapurtarrek lehen zati negargarria egin zuten, baina bigarrenean garaipena lortzeko adina egin zuten eta horri esker final laurdenetan egoteko dituzten aukerak lehengo berak izango dira

BIARRITZ 21 GLASGOW 14

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek irabazi egin behar zuen atzokoan. Halaxe egin zuen, gaizki jokatu arren, eta asko kostata, baina lau puntuak lortu zituen. Partida amaitzeko bi minuturen faltan galtzen ari zen, eta azkeneko bi minutuetan egindako bi entseguk garaipena eman zieten.

Orain final laurdenak jokatzeko aukerek bere horretan jarraitzen dute, baina horretarako urtarrilean Ingalaterran, Saracensen zelaian irabazi egin beharko du, bestela oso zaila izango du aurrera egitea.

Zuri-gorriek itxura kaskarra eman zuten atzokoan, azkenaldian ematen ari den bezalakoxea eta berriro ere, zaleak kezkati atera ziren Agileratik.

Lehen zati negargarria egin zuten lapurtarrek. Beldurtuta bezala atera ziren berdegunera, eta Glasgowek ongi jokatu ez bazuen ere, aukerak aprobetxatzen jakin zuen, eta 3-11 aitzineratu ziren.

Emaitza oso kezkagarria zen eta horrekin joan ziren atseden hartzera. Bigarren zatiaren hasiera ere ez zen askoz hobea izan, kanpotarrek zigor bat gauzatu zuten eta, hala, aldea gehitu egin zuten.

Hortxe hasi ziren lapurtarrak esnatzen, eta markagailuan gerturatzen ere bai, eta azkeneko minutuetan egindako erreakzio horri esker, oraindik Europan bizirik jarraitzen dute.

Azken minutuak

Azken minutuetan, galtzen ari zen Biarritz, baina hiru minuturen faltan transformatutako entsegua gauzatu zuen, eta horrekin aitzinetik jarri ziren. Hori kolpe gogorra izan zen kanpotarrentzat, eta azkeneko minutuan beste entsegu bat egin zuten lapurtarrek. Garaipena, azkenean, etxean geratu zen.

Atzoko partidatik zerbait nabarmendu behar baldin bada, Vahafolau eta Traille nabarmendu beharko dira. Lehenengoa izan zen euskaldunen artean onena. Ez zen hasierako hamabostekoan aritu baina, gero, berak egin zituen etxekoen bi entseguak. Traillek, aldiz, ez zuen lan erraza, berak hartu baitzuen jaurtiketak egiteko ardura, Yachvili eta Dupuy falta zirenez, eta gauzak ongi egin zituen. Hori bai, Biarritzek zerbait lortu nahi badu, hobetu beharra dauka.

 

Liga Federaleko euskal taldeek asko dute jokoan

Liga Federaleko Lehen Mailan, garrantzia handiko neurketak izango dituzte jokatzen ari diren hiru euskal taldeek, izan ere denek baitute zerbait jokoan. Bosgarren multzoan, mailari eusteko borrokan jarraituko du Maulek, eta horretarako ezinbestekoa izango du bihar garaipena erdiestea Stade Langonnaisen aurka.

Seigarren multzoan, Donibane Lohizunek azkeneko hiru partidak galdu ostean, Mielon hartuko du, eta goiko postuetatik erabat atzeratu nahi ez baldin badu irabazi beharra dauka. Nafarroa, berriz, ez jaisteko borrokan dabil, eta irteera zaila izango dute, Marmanderen zelaian jokatuko baitute. Partida guztiak bihar jokatuko dira, 15.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo