GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Gpuntuko finala

Aitor Mendiluzek jantzi du txapela eta taldeko gazteenak goia jo du

Puntutako kronika hauxe: Mendiluze, 946; Gaztelumendi, 914; Martin, 555; Maia, 553,5; Irazu, 548,5; Sarriegi, 546,5; Agirre, 541,5 eta Zubeldia, 520,5. Illunbeko zezen plazan bildutako 8.500 bertsozaleei puntuak ematea, berriz, ezinezkoa da, ezin dira kontatu merezi dituztenak. Bertsotan egiteko primerako plaza marraztu zuten bertsozaleek eta bertsolariek, GPuntua topatzea biren lana baita.

p002_f01_250x120.jpg

Amagoia MUJIKA | DONOSTIA

Berak esana zuen -ametsetan bezala- buruz burukora pasatuz gero, negarrez hasiko zela oholtza gainean bertan. Ez zen negarrez hasi, nahiz eta gero aitortu, ez zitzaiola asko faltatu izan. Kiniela guztiak hankaz gora jarri eta Aitor Mendiluzerekin pasatu zen buruz burukora Beñat Gaztelumendi. Txukun egindako saioaren ordaina izan zen. Hala ere, behin zortzikotearen lana bukatuta, pronostikoak

beste norabide batekoak ziren. pronostikoak beti pronostiko, eta epaileen puntuak dira horrelakoetan agintzen dutenak. Argi asko geratu zen hori atzokoan, beste behin ere.

Illunbeko plaza ederrean -primerakoa atzokoa bezalako saio baterako- jarria zegoen pantaila erraldoian ikusi ahal zen Mendiluze suabe-suabe Gaztelumendiri lasai egoteko esaten. Ez zen gutxiagorako. Finalean bertan egotea nahiko handia zen Añorgakoarentzat. Bada, pentsa buruz burukora pasatzea. Hasieran «susto» moduko bat sentitu zuela aitortu zuen finalaren ostean. Baina, segidan, kantatu egin behar zuela eta, ahal zela, ondo kantatu behar zuela agindu zion bere buruari. Sekulako tenplea erakutsi zuen Beñat Gaztelumendik final guztian, baita buruz burukoan ere. Segura aski publikoaren aldetik etengabe jasotako mimoek ere izan zuten parterik tenple horretan.

Buruz burukora iristerako Aitor Mendiluzek bertso arratsalde polita zuen osatua eta bistakoa zen eroso sentitzen zela oholtzan, aise zebilela. Buruz burukoan, saioaren zama bere gain hartu zuen -normala, Gaztelumendik baino eskarmentu askoz handiagoa baitu- eta txapelerako bidea zuzen-zuzenean egin zuen. Lehen ariketan puntuka zortzi bertso osatu behar izan zituzten biek espermatozoide banaren paperean jarrita. Ondo aritu ziren.

Seiko motzean hiruna bertso bota zituzten ondoren. Hauxe gaia: Gabon gaua da eta oraintxe amaitu duzue afaltzen. Aitak hauxe galdetu du: Noiz hasi behar dugu afaltzen?.

Hauxe, Mendiluzeren lehena: «Bertatik eta bertara/ gure belarrietara/ aitaren hitzak sartu dira ta nolako ikara/ zalantzak argitu hara/ nabarmena baita jada/ ez nun sinistu nahi Beñat baina gaitza egia da». Eta, Gaztelumendiren erantzuna: «Lehen aita zena aitona/ bihurtzea ez da broma/ gaitza egia da ni´re hortan pentsatzen egona/ hogeitalauaren sona/ gabona beti gau ona/ baino hau ez da olentzerori eskatu niona».

Oro har, ariketa polita osatu zuten. Somatzen zen gustura ari zirela biak. Beñat bera gero eta erosoago somatzen zen arratsaldea aurrera joan ahala.

Buruz buruko kartzelako gaia parera etorri zitzaion Aitor Mendiluzeri: hilabetetan gelan egondako sehaska bildu eta gordetzeko unea da. Mendiluze sehaska artean ibilitakoa da eta ibiltzen da oraindik. Hartara, sehaska txiki geratu zaion semeari kantatu zion Mendiluzek. Hauxe, bigarrena: «Desmontatu det, bildu det eta berriro bere tokira/ igoal ikusi egingo dezu nere begien diztira/ sehaska zure sehaskatxoa, egina zure neurrira/ betiko biltzen ari da/ ta betiko erretira/ hazten zoaz ta haztea noski zure aitaren desira/ baina sehaska hortako uneak gogoan gelditzen dira».

Beñat Gaztelumendirentzat zailagoa zirudien gaiak, bai bere adinagatik, bai eskarmentu faltagatik. Hala ere, eta berriz ere, ondo asmatu zuen hautatu beharreko papera eta hiru bertso eder utzi zituen.

Gaztelumendik haurrik ekarri ezin duen bikotearen kasua ekarri zuen kartzelako lanera. Sendagileak aukerarik ez dutela esan eta gero, sehaska botatzea erabaki duen bikotea aurkeztu zuen. Hauxe, bere bigarrena. «Egurrezkoa txiki-txikia ta hartz marrazkiduna/ azpian dauzka lau gurpil txiki ta almohada bat biguna/ desegin degu eta andreak hain du beiratu iluna/ hala esan dit haur bati eman nahi nioke maitasuna/ nik esan diot lasaitu zaitez izan ezazu zentzuna/ baina sehaska bakarrik ez da basuran utzi deguna».

Azkenean, Aitor Mendiluzerentzat izan zen txapela. 946 puntu bildu zituen. Gaztelumendik, 914. Hirugarren izan zen Jon Martin 555. Esperimentu arriskutsua egin zuen Martinek kartzelakoan, zailtasun tekniko handikoa. Dezima baten neurria habanera neurrira moldatu zuen eta, hasieran, bertsozale guztiak -eta epaileak, seguru asko- nahastea lortu zuen. Esana zuen oiartzuarrak esperimentu bat egiteko asmoa zuela eta, azkenean, ausartu egin zen. Zalantza handiena epaileen erantzunaren gainean zegoen arren, epaileek ondo baloratu zuten Martinen lana. Kartzelako lan puntuatuena berea izan zen 141,5 punturekin.

Jon Maia geratu zen laugarren tokian 553 punturekin. Maiak oso final polita egin zuen eta gehienek sailkapenean aurrerago espero genuen. Are gehiago, buruz burukoan ikusten zuten bertsozale askok. Bera ere gustura zegoen saio amaieran, «txapelketako saiorik onena» egin izanaren sentsazioarekin.

Jexux Mari Irazu izan zen bosgarrena 548,5 punturekin. Irazuk oso saio erregularra eta ona josi zuen. Benetan, lan txukuna egin zuen atzokoan eta ale gogoangarriak ere utzi zituen. Aitor Sarriegik 546,5 puntu lortu eta seigarren postua bereganatu zuen. Txukun eta erregular aritu zen, «espero baino lasaiago», esan zuenez.

Unai Agirre izan zen zazpigarrena 541,5 punturekin. Gustura zegoen hernaniarra final handi bat probatu izanarekin eta nahiko eroso sumatzen zuen bere burua oholtza gainekoan. Iker Zubeldia izan zen zortzigarrena 520,5 punturekin. Hala ere, Zubeldia izan zen txapeldunetan txapeldunena, izan ere berak jaso baitzuen txalo gehien. Bera ere, «oso konforme» zegoen saioa amaitutakoa.

GPuntua Gaztelumendi Puntua bihurtu duen txahala zezendu egin zen

Bukaerako agurretan marrazten dira, askotan, bertso saioko unerik beroenak. Atzoko bukaera ere polita izan zen. Bertsolari guztiek mimo handiak jaso zituzten, nahiz eta batzuen mimoak besteenak baino ozenagoak izan. Iker Zubeldiaren jarraitzaileak, lagunak eta Zegamatik etorritakoak, izan ziren builatsuenak akaso. Beti ere hitzaren zentzu onenean. Kontua da saioa bukatzerako Iker Zubeldiak zale asko irabazi zituela Illunben bildutako milaka bertsozaleen artean. Bukaeran, azken agurrean, asko izan ziren Zubeldiaren aurrean zutik jarritakoak. Beñat Gaztelumendiren lagunek ere gustura eman zuten arratsaldea. Ez zen gutxiagorako. Gaztelumendik berak esan zuen lehen agurrean «zazpi zezen eta txahal bat» etorriak zirela Illunbera. Bada, txahala, harrotu eta buruz burukoraino iritsi zen. Bertsozalearengana erraz iristen da Añorgakoa. Akaso, taldeko gazteena izateak ere lagundu zion atzo. Gaztetxo baten gorputzean harrapatutako bertsolari handi bat da Añorgakoa.

Jon Maiak txalo zaparrada handia jaso zuen azken agurrean, akaso bertsozaleak puntuazioak eman ez zion gozotasuna helarazi nahi ziolako. Berak, berriz, horrela bukatu zuen: «Mila esker Mendiluze eta Beñat zuri/ irabazi egin dezute ez da joan opari/ ni berriz urtetan nahi det jarraitu kantari/ gaur etxekoen puntukin badet nahiko sari/ nik berriz urtetan nahi det jarraitu kantari/ bizi ta hiltzen gaituen Euskal Herriari». Jon Martinek agurrean ere dezima neurriko habanera erabili zuen. Ordurako, bertsozalea kasik ohituagoa ere bazegoen.

Honela kantatu zuen agur oso politean: «Aitorren eskarmentua/ gailendu dela dirudi/ beraz zorionak zuri/ hau da zure momentua/ ta Beñaten talentua/ hemen deskubritu dugu/ g puntua bihurtu du/ gaztelumendi puntua/ zortzi lagun ta oholtza/ zortzi mila ta Illunbe/ haiena egina gure/ eta zuen txalo hotsa/ asmoa daukat bihotza/ kristal zati bihurtzeko/ eta zuei bueltatzeko/ jotako txalo bakoitza». Bada, horixe, bertso festa ikaragarria toki ederrean eta «txapel berriak badik orain zer estali», Jexux Mari Irazuk kantatu bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo