GARA > Idatzia > Txirrindularitza

GARAren urteko sari banaketa

Tropelak omenaldi beroa jasoko du etzi Durangon

Amador, Castroviejo, Urain eta Gallastegi izango dira aurtengo sarituak

p040_f01_097x136.jpg

Unai IRARAGORRI | BILBO

Hurrengo ostegunean, GARAk urteko sari banaketa egingo du Durangon arratsaldeko zazpietatik aurrera. Euskal Herriko amateurrik onenek omenaldi beroa jasoko dute Kurutziaga hotelean. Hain zuzen, Andrey Amadorrek, Jonathan Castroviejok eta Beñat Urainek, Euskaldun, Lehendakari eta Hasiberrien Txapelketak irabazi dituzte. Egunkariak aurreneko aldiz neskak saritu ditu eta Maria Gallastegik eskuratu du Emakumeen Saria.

Irabazleak, Amador, Castroviejo, Urain eta Gallastegi, izango dira protagonista nagusiak etzi Durangon, baina tropel luzearen burua besterik ez dira izango. Izan ere, amateur mailako talde guztiek dute hitzordua Durangon, bai zuzendariek baita urteko txirrindulari onenatarikoek. Aitor Elduaien kazetari eta esatari iaioak zuzenduko du ekitaldia .

Bestetik, Euskal Herriko emakume nabarmenenek izango dute txanda bigarren ekitaldian. Izan ere, aurtengoan GARAk lau sari banatuko ditu eta ez hiru orain arte bezala. Euskaldun, Lehendakari eta Hasiberrien txapelketez gain, Emakumeen Saria bultzatu du aurten egunkariak Iurreta Txirrindulari Elkartearen laguntzarekin.

Amateurrak eta emakumeak errepideko profesionalen babesa izango dute. Hortaz, Euskaltel-Euskadi eta Orbea taldeetako txirrindulariak bertan izango dira, baita hainbat taldetako txirrindulariak eta hurrengo urteko profesionalak. Bestalde, pistako eta ziklo-kroseko euskaldun onenek ere ez dute hutsik egingo, ezta Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Euskadiko federazioen ordezkariek.

GARAk, beste behin txirrindularientzat eta taldeentzat omenaldi berezia eskatu nahi du. Amador, Castroviejo, Urain eta Gallastegi dira irabazleak, baina egunkari honek urteko tropel osoa bilduko du etzi Durangon; izan ere, guztientzat da omenaldia, eta biltzeko aukera paregabea izango dute, urrian amaitu baitzen denboraldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo