GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Urduria eta lotsatia naiz, baina oholtza gainean hazteko joera izan dut beti»

p044_f02.jpg

 
Beñat GAZTELUMENDI

GIPUZKOAKO TXAPELDUNORDEA

Añorgako elkartean lagunekin eta etxekoekin afaldu eta Dokara gerturatu zen ondoren. Ospatu zuen, baina ez merezi bezala, leher eginda eta buruko minez zegoelako. Garbi dauka, hala ere, izango dela ospatzeko aukera gehiago.

Finalaren aje gozoa izango duzu noski.

Bai, oso gozoa. Oraindik zeruan bezala nago, ez naiz kontziente bigarren egin dudala, eta finaleko momentuak etortzen zaizkit burura etengabe. Goizean finala telebistaz ikusi dut eta ez nintzen gogoratzen buruz burukora pasatu nintzela esan zutenean nolako txalo zaparrada izan zen. Telebistaz ikusi, eta berriz oilo ipurdia jarri zait.

Baina, aurretik ere izan zen zuretzako txalo zaparradarik.

Oso garbi neukan gure lana, txapela eta horrelako kontuak ahaztu, eta jendeari saio polit bat eskaintzea zela. Nik helburu hori neukan agurretik bertatik, eta jendeak oso ondo erantzun zuen.

Telebistaz ikusi duzu bideoa. Nola ikusi duzu zeure burua?

Hasierako unean, jendartetik oholtzara igo ginenean, Illunbek oso handia ematen zuen, txaloak oso ozen entzuten ziren eta galduta bezala sentitu nintzen. Baina, zortziko handian kantatzen hastean egoerari neurria hartu niola sentitu nuen, eta hori izan zen gakoa.

Zure tenplea nabarmentzekoa izan zen.

Aurrez aurreko komunikazioan oso pertsona urduria eta lotsatia naiz, baina, oholtza gainean hazteko joera izan dut beti, seguruago sentitzen naiz hor gainean. Buruz burukoan nire izena eman zutenean izan nuen tenplearekin harritu dira asko. Sustoa hartu nuen hasieran, baina berehala pentsatu nuen neurria eman beharra nuela, jendeak txapelketa guztia une horren zain pasatu zuela. Burua jaitsi, ur pixka bat edan, eta aurrera.

Etxekoak gustura egongo dira noski.

Amak oso gaizki pasatu zuen. Oholtzatik ama ikusten nuen nik eta burua makurtuta egon zen. Oso-oso pozik daude gurasoak, baina baita oso nekatuta ere.

Amagoia MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo