GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Estatuaren garaipena?

Zuzenbidezko Estatuak «terrorismoa» politikoki garaitu omen du. «Los violentos» biltzen dituen multzo hori, ezker abertzalea, alegia, garaitu omen du. Hala esaten dute hitzetik hortzera eta aspaldi luzetik gobernuek, alderdi politiko gehienek eta, bai hortan, hedabideetako iritzi emaile gehienek. Hala ere, garaipen hori urte bukaera honetan pilatu diren astakeriek zehazten dute: Gotzone Lopez de Luzuriaga, minbiziak jotako presoa, kartzelan atxikitzea; euskal gizartearen arlo guztietako berrogeitaka laguni, delitu zehatzik leporatu gabe, ehunka urteko zigorra ezartzea; Gorka Lupiañez gazteari infernua ezagutaraztea; Nati Junko kartzela batera zihoala bizia galtzea (ala «bere borondatez» egindako bidaia zen?); euskal herrialde guztietako dozenaka gazte atxilotu eta kartzelatzea...

Hara Estatuaren lorpena. Haren «garaipen politikoa». Demokrazia antolaketa modu omen duen estatu baten garaipena. Estatu demokratikoen garaipena, ordea, eskubide eta libertate guztiak bermatzea da, eta eskubideak eta libertateak desagerraraziz lortutako garaipena ezin esan garaipen politikoa denik. Nik egingo nuke hain justu kontrakoa sumatu dudala. Beldur handiagoa sumatu dut, Estatuak larderia-gaitasun ikaragarri hori erakutsi ahala, beldur handiagoa sumatu dut eta, aldi berean, Estatua eta haren erakunde guztien kontrako arbuio gero eta handiagoa.

Estatuaren «garaipen» horrek, hain zuzen, haren izaera demokratikoa ukatzen du. Eta sufrimendua nonahi erein badezake ere, zuzenbidezko estatu gisa lortu ezin duen garaipena porrota du.

Guztiok guztiei opa diegu urte ona, baina batzuek beste batzuek baino beharrago dute. Badakigu euskal gizarteak eskubide urraketa nabarmena jasaten duela, baina hainbatek beren larruan sufritzen dute momentu oro. Denok nahi dugu gizarte justuagoa, bakea behar dugu, zinez eta minez, eta ondo dago hala esan eta opatzea, desiorik onenak adieraztea; hala ere, eskua altxatzeko edo ahotsa goratzeko konpromisoa, hori besterik ez bada ere, hartuta zalantzarik gabe datorren urte hau hobea izateko aukera handiagoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo