GARA > Idatzia > Ikusmira

Presoen senideen beste istripu bat, indarreko espetxe politika bukatzeko premiaren adierazle

Euskal preso politikoen sakabanaketak eragindako azken auto istripua joan den ostiralean gertatu zen, Natividad Junkoren heriotzatik astebete eskasera, hain zuzen. Arkaitz Bellon elorriarraren gurasoek eta osaba-izebek pozik egon behar dute kalterik handiena autoarenak izateagatik, beren zauriak oso larriak ez izateagatik. Gordin esanda, oraingo honetan bizirik atera ahal izateagatik. Ez, ordea, aurrerantzean, seme eta iloba bisitatzeko arrisku berari aurre egin beharko ez diotelako. Natividad Junkoren heriotzak euskal gizartea astindu zuen -euskal instituzioak ez bezala-, presoen eta haien senideen eta lagunen kontrako politikaren larria modurik gordinenean utzi baitzuen agerian, aurretik beste 16 lagunen heriotzek utzi zuten era berean; baina, presoen senideek ohartarazi zutenez, istripu hura ez zen azkena izan. 2007an errepideetan senideei kalte fisikoak eragin dizkieten 40 auto istripu gertatu dira; senide presoak ikusteko bidaian, ez oporretan. Urte berrian balantze beltz horrek eta euskal presoen egoera lazgarriak bere horretan jarraitzeko aukera bera estatu espainolaren eta frantsesaren espetxe politika bertan behera uzteko premiaren adierazle da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo