GARA > Idatzia > Kultura

Joxe Migel Barandiaranen «umea», Pilar Barandiaran, hil da

GARA |

Pilar Barandiaran, Joxe Migel Barandiaran ikertzaile, apaiz eta antopologoa bizitza guztian zehar zaindu zuen iloba hil da 96 urte zituela.

Pilar Barandiaran Ataungo San Gregorio auzoko Perunezar baserrian jaio zen, osabaren jaiotetxe berean, eta Espainiako gerran hark erbestera joan behar izan zuenean joan zen hura zaintzera Biarritzera. Osaba zaintzen eman zituen ondorengo urte guztiak, Joxe Migel Barandiaran 1991. urtean hil zen arte. Lehenbizi Biarritzen egon zen osabarekin, Saran ondoren, eta 1953. urtean erbestetik itzultzean Ataungo Sara etxean.

Osaba eta ilobaren artean hogeita bat urteko aldea zegoela eta, Joxe Migel Barandiaranek Pilar deitu ordez «umea» deitzen zion ilobari, eta apaiz eta ikertzailea hilda Ataungo Sara etxean bizitzen jarraitu zuen bere heriotza arte. Emakume kementsua zela diote ezagutzen zutenek, eta ez zen inoiz ezkondu, ez eta seme-alabarik eduki.

Aipatu bezala Pilar Barandiaran Biarritzera joan zen osaba zaintzera hura han erbesteratu eta urte betera. Bertan hiru urte egon eta gero alemaniarrek Sarara joanarazi zituzten eta bertan hamahiru urte eman zituzten berriz ere Ataunera itzuli aurretik.

Behin Ataunen zeudela Joxe Migel Barandiaranek Saran bizitzen egon zireneko etxe bera nahi zuela-eta berdin-berdina eraikitzea erabaki zuen. Osabarekin erbestean bizitzen egon zen urte horietan guztietan, bai eta Gipuzkoara itzultzean ere, jende asko ezagutzeko parada izan zuen Joxe Migelen «umeak»; Pio Baroja, Telesforo Aranzadi, Enrike Eguren, Manolo Laborde edo Tomas Atauri, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo