GARA > Idatzia > Mundua

Dinken hilketa gogoratu eta ikerketan eginiko akatsak salatu dituzte senideek

Hrant Dink kazetariaren heriotzaren lehen urteurrena dela-eta, senide eta lagunek omenaldi ekitaldiak prestatu dituzte gaurko Ankaran eta Istanbulen. Era berean, ikerketan eginiko akatsak eta, oraindik orain, argitu gabeko alderdi ugari egotea gogor salatu dute.

GARA |

Hrant Dink kazetari armeniarraren heriotzari buruzko ikerketan alde ilun ugari dagoela salatu dute haren senideek eta auziko abokatuek. Gaur urtebete hil zutela. «Agos» astekaritik irteten ari zenean tiro egin zioten atzetik, Istanbulen. Hurrengo egunean, Ogun Samast gazte ultranazionalista atxilotu zuen poliziak. Hilketaren ardura leporatu zioten. Antza, Turkiako iparraldean dagoen Trebisonda hiritik Istanbulera joan zen Dink hiltzeko asmoarekin. Gertaera horren lehen urteurrena beteko den honetan, ikerketan zehar eta aurretik eginiko akatsak nabarmendu dituzte Fethiye Çetin eta Arzu Bercerik abokatuek. Era berean, Istanbulgo Segurtasun Zuzendaritzako buru Celattin Cerrah eta Ali Oz, Trebisondako Gendarmeriako koronela, «irregulartasun»engatik auzipetzea eskatu diote fiskaltzari.

Trebisondako Segurtasun Zuzendaritzak Dink hil zezaketela adierazi zion hainbat alditan Istanbulgo Segurtasun Zuzendaritzari, baina ez zituzten aintzat hartu txosten horiek. Are gehiago, hilketa gertatu aurretik, Istanbuleko poliziari Samast okindegi batean izkutatuta egon zitekeela ohartarazi eta helbide bat igorri zioten. Lekua ikertzeaz arduratu zen poliziak okindegi hori ez zela esistitzen esan zuen. Hilketaren ostean, baina, ikertzaileek aipaturiko okindegia aurkitu zuten. Horrez gain, Ali Oz koronelak ez zizkion fiskaltzari heriotzaren inguruko txosten guztiak igorri.

Akats horietan oinarrituta, senitartekoek Oz eta Cerrah epaituak izan daitezela eskatu dute.

1915an Inperio Otomanoak armeniarren kontra eginiko sarraskia genozidioa izan zela salatzeagatik auzipetu zuten Dink. Turkiako zenbait sektorek gogor gaitzetsi zituzten adierazpenok.

Haren hurbilekoek omenaldiak antolatu dituzte gaurko, bai Ankaran, bai Istanbulen.

arduradun

Istanbuleko Segurtasun Zuzendaritzan jarduten dutenak, Hrant Dinki babesa ez emateagatik, hilketaren «arduradun» izan daitezkeela esan du legebiltzarreko batzorde batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo