GARA > Idatzia > Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria

Google-ismoa. Enpresa

G oogle, iritziak iritzi, Interneteko sareen sarean eskuragarri dugun egungo bilatzailerik onena da. Enpresa gisa 1998an eratu eta orduz geroztik, bere arrakastak ekuazio esponentzialaren bidea jarraitu du. Arrakasta horren oinarria bilatzailean erabiltzen duen teknologia dela esan daiteke. Baina badago gehiago. Google publizitatetik bizi da, eta dohako eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzen ditu. Zerbitzu horiek eskaintzeko, zenbait kasutan proiektu propioak garatu ditu. Beste zenbait kasutan, berriz, dagoeneko arrakasta zuten edo etorkizunean aukerak izango zituzten proiektu edota enpresak erosi eta bere egin ditu. Hori horrela, denbora gutxian gero eta handiagoa bihurtzen ari den Interneteko enpresa dugu Google.

Publizitatetik bizi da. Google-en diru sarrera nagusia publizitatea da eta, eremu horretan, bi teknika ezberdin erabiltzen ditu: AdWords eta AdSense. AdWords sistemarekin kontratatutako publizitatea bilatzailearen emaitzen gainean edo eskuinean azaltzen dena da. Enpresa batek AdWords sistema kontratatzean, bere zerbitzuak lau lerrotan azaldu behar ditu (izenburua, testua eta Interneteko helbidea edo URLa). Ezin du irudirik sartu. Baina zerbitzu honen bereizgarria beste bat da: ordaintzeko modua. Enpresak erabiltzaileek bere iragarkian klik egitean soilik ordainduko du kontratatutako zerbitzua, eta klik horren prezioa enpresa eta Google-en artean negoziatzen dute. AdSense sistema, berriz, AdWords-en zeharkako erabilpena da. Alegia, webgune zehatz bateko administratzaileak kontratatzen du. AdSense sistemaren bitartez, webgune horretan argitaratuko den publizitatea kontrolatzen da, beste enpresa edo erakunde batzuena, alegia. Webgune horren edukien arabera, iragarki batzuk edo besteak azalduko dira eta administratzaileak erabiltzaileen klik kopuruaren arabera izango ditu diru sarrerak. Beraz, AdWords sistema enpresek ordaintzen dute, eta honen erabilpen masiboa sustatu eta ahalik eta klik gehien eragiteko, AdSense sistema dago, honen bitartez webguneen administratzaileek, eta Google-ek berak, diru sarrerak izango dituztelarik.

Proiektu propioak. Google-ek eskaintzen dituen dohako eta kalitatezko zerbitzu asko eta asko enpresa barruan garatuak izan dira. Zerrenda luzea da oso, baina batzuk aipatzea merezi du. Gmail (gmail.google.com) da Google-en dohako posta elektronikorako zerbitzua. Gero eta zabalduago dago eta mezuekin nekez beteko dugun espazioaz gain, mezuen artean bilaketa aurreratuak egiteko eskaintzen duen aukera nabarmendu daiteke. Google Maps (maps.google.com) ere gero eta ezagunagoa da. Honek, herri eta hirietako kaleak bilatzeko aukera eskaintzen du. Eta proiektu propio berrienen artean aipagarriena, ene iritziz, itzulpengintzara bideratutako webgunea da: Google Translate (translate.google.com). Testu luzeak zein motzak edota hitz soilak hizkuntza ezberdinetara itzultzea ahalbidetzen duen tresna da Google Translate. Pertsona asko eta asko espresuki honetan ari dira lanean. Gureari begira, ez pentsa, oraingoz, euskarak nahikoa balio ekonomiko duenik hizkuntzen zerrendan sartzeko.

Bereganatutako proiektuak. Bere proiektu propioak garatu dituen arren, asko eta asko dira Google-k enpresa gisa erosi eta bereganatu dituen proiektu eta enpresak. Iduri du, kasu asko eta askotan, izaera eta funtzio berdineko proiektuak garatzen hastea baino merkeagoa suertatzen zaiola eginda dagoena bereganatzea. Zentzu horretan, Google-k termino ekonomikoetan dituen baliabide eta aukerez baliatuz egindako erosketa kopurua neurgaitza da. Ezagunenak aipatzeagatik, hona hiru: 2003ko otsailean Blogger teknologia (blogak sortzea ahalbidezten duen tresna: blogger.com) erosi zion Pyra Labs enpresari; 2004ko urrian Google Earth teknologia (satelite bidezko informazioa erabiliz, munduko txoko askoren hiru dimentsioko irudiak sortzea ahalbidetzen du: earth.google.com) beregantu zuen Keyhole enpresa bereganatuta; eta 2006ko azaroan YouTube enpresa erosi zuen, sarean bideoak partekatzeko teknologia garatua zuena (youtube.com).

Bereganatzeak gero eta arruntagoak dira Google-n curriculumean. Egun, posible duenean, bere egingo ditu interesgarri eta aberasgarri zaizkion proiektu eta teknologiak. Ezin duenean, eta ez, noski, diru kontuengatik, izaera bereko proiektu propioa garatzen saiatuko da. Horixe gertatu da Wikipediarekin. Google-eko bilatzailean termino orokorrak bilatzen ditugunean, ia kasu gehienetan Wikipediako sarrera bat ateratzen da emaitzen lehen postuetan. Erabiltzaileon artean erreferentzia bat bilakatu den seinale da hori. Eta, beraz, Wikpediak jasotzen dituen milioika bisitetatik onura ekonomikoak lortzeko helburuarekin, eta arestian aipatutako AdSense sistemaz baliatuz, Googlek 2005ean Wikipediari bere zerbitzariak erabiltzeko eta, beraz, Wikipediako sarreretan iragarkiak txertatzeko akordio bat proposatu zion. Wikipediaren sortzaileak, Jimmy Wales-ek, ezetza eman zuen, eta hortik dator «Wikipedia propioa» izan nahi duen Google-en proiektu berri bat: Knol. Kontrako norantzan, Wales-ek, bere Wikia enpresaren bitartez eta erabiltzaileen ekarpenekin, Wikipediaren filosofia mantenduz Google bilatzailearen aurrean alternatiba izango den Wikia Search bilatzailea (search.wikia.com) garatzea helburu duen proiektuaren berri eman zuen 2006an.

Denbora aurrera doan heinean, Interneten potentzialitatea ere gora doa. Eta osagarriak diren arren, sarea ulertzeko modua da bata eta besteen arteko ezberdintasun nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo