GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Astazakilak eta astoak

Duela hamabi urte eta erdi Plitvicen gertatua bururatzen zitzaidan joan den asteazkenean gazatarrak Rafah pasabideko hesiak bota eta lurralde egiptiarretara nahierara ateratzen ikusten nituenean. 1995eko abuztuaren 5ean Bihaceko «zakuan» mila egun baino gehiago setiaturik zeramatzan Armijaren bosgarren gudarosteak hesia apurtzea lortu eta bertako jendeteria gizakion mundura itzularaztea lortu zuenean. Bosniako gerraren amaiera korapilatsuaren lehen eguna izan zen. 1945az geroztik Europak bere baitan ametitu duen izugarrikeriarik latzena desegiten hasi zen unea. Norbaitek gogoan izango du oraindik Aladin, mutiko elbarritu irritsu hura; non ote da? Zer egin ote dute hezurra eta azala ia besterik gabe, baina pozez gainezka, agertzen ziren bosniar musulman haiek? Nola gogoratzen ote dute orain egun hura? Zer ote deritzote geroztik gertatu den/zaien guztiari?

Eta egun hartan europar kantziler leunen arteko deiak entzutea gustatuko zitzaidan bezalaxe, dirua emango nuen joan den asteazkenean Etxe Zuriko Bulego Obalen edo, bestela, E. Olmert, C. Rice edo M. Hayden CIAko nagusiaren langelako txoko batean egon ahal izateko. Zer esaten zuten entzuten, zer gertatzen zen begira. Jende gaizkituaren poz zorabioa bera bezain kontsolagarria izan behar duelako gizaki xume horien zoritxarra pausoz pauso, interesaren kalkulu hotza beste iparrizarrik gabe eraiki, mantendu, ametitu, luzatu, gaiztotu... dutenen sorpresa, haserrea, erresumina... hainbeste neke (nork bere nahiz besteen eskrupuluak desagerrarazteak ere bere nekea izango duelako) alfer-alferrik egin dituztela ohartzen direneko une hori ikusteak.

Duela hamabi urte, «bosniarrek galdua duten gerra ez dutela galdutzat eman nahi, horixe da hemen dagoen arazo bakarra» zioten ziniko hotz haien nahasmena (lotsa, agian, ez; zintzotasun apur bat behintzat behar da lotsa sentitzeko) erakarri zuen Bihacekoak. Orain «astoaren arora itzularaziko dugu Gaza, eta orduan ikasiko dute gazatarrek zein hautu txarra egin duten Hamasi botoa emanez» publikoki aldarrikatu duten astazakil kriminalen nahasmena suposatzen du Rafahkoak.

Astazakilentzat gazatarren oinazea ez zen, berez, helburua; baina tresna bezala, huraxe mugagabe erabiltzeko eskrupulurik txikiena ere ez dute erakutsi. Alferrik, orduan bezala. Orain ere, galtzaile izan behar omen zutenak dira irabazle nagusiak, argiro.

Azkenean, astazakilak baino azkarragoak izaten dira astoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo