GARA > Idatzia > Errugbia

Ohorezko Maila

Irabazi arren, jaitsiera postuan jarraitu beharko du

Catchople izan zen Ampo Ordiziak atzo izan zuen jokalaririk nabarmenena

AMPO ORDIZIA 29

VALLADOLID 11

Jon LEUNDA | ORDIZIA

Garrantzi handiko garaipena erdietsi zuen atzo Ampo Ordiziak, nahiz eta jaitsiera postuetatik ihes egiteko ez dion balioko, aurretik zuen taldeak ere irabazi egin baitzuen. Hala ere, eskerrak irabazi zuten, bestela egoera zailgoan egongo lirateke. Orain, puntu batera dute salbazioa.

Valladolid zen atzoko aurkaria, eta errezelo dezente zegoen bere inguruan, talde indartsua baita, baina atzo Axio Arañak zuzentzen duen taldeak partida ona egin zuen, eta ongi merezitako garaipena erdietsi zuen.

Catchople izan zen, gainera, atzoko protagonista nagusietako bat. Zelanda Berriko jokalaria ez zebilen fin azkenaldian, baina atzo primeran aritu zen, eta bera izan zen neurketako puntugile nagusia. Bere bi jaurtiketek, 6-0 aurreratu zituen goierritarrak, baina kanpotarrek, beste zigor bati esker, emaitza murrizteko modua egin zuten; atseden hartzera joan aurretik, Ozeaniako jokalariak beste zigor bat gauzatu zuen, eta horrekin, aldea bere horretan utzi zuen.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, Braidwoodek lehen entsegua egin zuen etxekoentzat, eta Catchoplek gauzatu zuen. Horrek indarra eman zien, eta aurrera jo zuten, Valladolid ez baitzen gauza euskalduei aurre egiteko, nahiz eta beste zigor bat gauzatu zuten. Braidwoodek bere bigarren entsegua egin zuen, eta Catchoplek, gainera, berriro ere baloia barrura bidaltzea lortu zuen; hala, aldea gehitu egin zuten urdinek.

Lau entsegu

Garaipena ziurtatuta zuten, aurkariari ez baizitzaion indarrik nabari, beraz, etxekoak laugarren entseguaren bila abiatu ziren; horrek emango zien puntu gehigarriak jaitsiera postuetatik aterako zituen, baina ahaleginak alferrikakoak izan ziren, eta ez zuten beste entsegurik egitea lortu. Beste bi zigor kolpe gauzatu zituen Catchpoplek, eta amaieran ongi merezitako garaipena erdietsi ahal izan zuten, atzo aurkariak baino gehiago izan ziren-eta.

Oraindik sufritzen jarraitu beharra dago

Sei jardunaldi falta dira Ohorezko Maila amaitzeko, eta euskal taldeek oraindik sufritzen jarraitu beharko dute, bai, Ordiziak eta Bera Berak behintzat. Atzoko garaipenaren ostean, Getxok mailari eutsi egin diola ematen du, gauzak oso gaizki eta besteek oso ondo egin ezean, behinik behin.

Bera Berak ere ezin du burua galdu, eta lanean jarraitu beharko du ezusterik nahi ez baldin badu. Ordiza dago egoerarik zailenean, baina goierritarrek aurkari zuzen gehienak etxean hartu behar dituzte, etagipuzkoarrek Trevijanon nola jokatzen duten ikusita, aukera asko dituzte mailari eusteko.

J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo