GARA > Idatzia > Editoriala

Lakuako Gobernuak ez du elkarrizketa maite

Lakuako Gobernuak aspaldiko arazoa du euskal sindikatuekin harreman naturala sustatzeko. Arazoa arlo publikoaren eta pribatuaren arteko diferentziak ondo mamituak ez izatetik datorkiola ondoriozta daiteke. Patroi gisa arituz sindikatuen ordezkapena murriztera jokatzen du etengabe gobernuak. Baita gatazkak gordintzen direnean langileak herritarren etsai bezala mozorrotzera. Osakidetzaren kasuan, era guztietako tresnak erabili ditu Lakuak sindikatu gehienek bultzatzen duten protesta mugimendua indargabetzeko. Izan ere, EAJk, EAk eta EBk osatzen duten gobernuak ezin du jokatu jauntxo baten gisa, ezin da langileen aurka irainak botatzen aritu, ez eta horien greba egiteko eskubidea baldintzatu ere. Dena ez da zilegi.

Funtzio Publikoaren dekretua, eta Osakidetzaren baitan irekitako arloz arloko akordioen sistema, ez dira biderik onenak, ez baitute lan harreman osasuntsuak sustatzeko balio eta, finean, herritar guztiontzat ezinbestekoak diren zerbitzu publikoen kalitateari kalte besterik egiten ez diotelako. EAJ, EA eta EB ez dira patroiak, gobernu baten partaide baizik.

Lakuako gobernuari publikotasuna bermatzea dagokio, eta gobernua osatzen duten alderdiek, lehenik eta behin, guztion zerbitzura lan egiten dutenak begirunez hartzea espero dute herritarrek.

Aurrean esandako guztiak ez dira doako hitzak, azken urteotan Lakuak hartu duen bidearen aurrean gizarte honetan dagoen kezka azaltzen dute. Besterik ez.

Berdintasuna, justizia, eskubideak... aldarrikatzea erraza da. Sarritan agertzen dira asmo horiek Lakuak sustatzen dituen ohiko kanpainetan. Edonola ere, bistan da lan harremanetan, bederen, hitzetatik ekintzetara pasatzeko gobernu honek zailtasun ugari dituela.

Elkarrizketa hitza totem bihurtu baino, hobe luke hirukoak hitz horren esanahia bere eguneroko lanean erabiltzea. Etxean elkarrizketarik erabiltzen ez duenak nekez sinetsaraziko die herritarrei gizarteak dituen erronkei erantzuteko gauza dela. Edozein gatazta konpontzeko gakoa negozioazioan datza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo