GARA > Idatzia > Mundua

Pakerako dei guztien gainetik, egoera gero eta odoltsuagoa bizi du Keniak

Kofi Annan bitartekaria zela, pakerako dei egin zuten atzo biek batera Kibaki «presidenteak» eta Odinga oposizio-buruak. Hala ere, egoerak okerrera egin du azken orduetan eta Kenya odolusten ari da.

GARA |

Mwai Kibaki Keniako «presidenteak» eta Raila Odinga oposizio buruak bat egin zuten atzo Nairobiko parlamentuan pakerako dei eginez.

Kofi Annan Nazio Batuetako Erakundeko ordezkari nagusi ohia ondoan zutela telebistak zuzenean eman zuen bi politikarien agerraldia.

Hitzak hitz, kalean egoerak okerrera egin du ordutik ordura. Atzo egunez beste bederatzi pertsona hilik suertatu ziren Poliziaren eta matxinoen arteko liskarretan eta hainbat herritan egunak dirauten pogrometan.

Aurreko gauean beste hamaika pertsona bizia galdu zuten sarraskietan. Guztira beste 21 hildako, beraz, hauteskunde presidentzialen ostera krisialdia sortu zenetik hildakoen kopurua milatik gorakoa delarik.

Atzo hildakoen artean oposizioaren diputatu bat dugu, Mugimendu Demokratiko Laranja taldeko kide Melitus Mugabe Were. Nairobin bere etxaurrean tirokatu zuten ezezagun batzuk

Helikoteroak protesten aurka

Odingak «etsai politikoei» egotzi zien hilketa, Kibaki presidentearen jarraitzaileei hain zuzen.

Oposizioaren jarraitzaileak kalera atera ziren hilketa hau salatzeko. Manifestazio jendetsuak bildu ziren atzo Kisumun (mendebaldean) eta Nairobiko auzo txiroetan, batez ere Kibera auzoan.

Naivashan, Rift bailaran, beste manifestazio baten aurka tiro egin zuten atzo Armadaren eta Poliziaren hiru helikoteroek.

Egoera nahasia da oso Naivashan eta RRift bailaran kalenjin talde etnikoak gehiengoa osatzen badu, kikuyu eta luo taldek borroka gordinean eta odoltsuan jarraitzen dute.

Kikuyu-tarrak dira presidentea eta bere ingurukoak. Mugimendu Demokratiko Laranjako buruzagia eta bere jarraitzaleak luo talde etnikokoak dira.

Naivashan luoen aurka garbiketa etniko baten atarian -agian barruan- geundeke eta milaka pertsona -luotarrak gehienak- presondegi batean babesa aurkitu behar izan dute.

Nairobin, pakeari bai, baina norberak bereari eutsi zion atzo. Kibakik «biolentzia» gaitzestu zuen. Odingak, ostera, presidentzialetan iragarri ziren «emaitza okerrak zuzentzeko» dei egin zuen. Independentziaren garaian zuzendu ez ziren auziei ere heltzeko dei egin zuen.

«Oraingo arazoa biolentzia da. Gero gerokoak», onartarazi zuen Annanek, Afrikako Batasunaren izenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo