GARA > Idatzia > Euskal Herria

EEPk hezkuntza plana aurkeztu du, baliabideen auzia guztiz ebatzi gabe

p021_f02_148x108.jpg

Eneritz ZABALETA |

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) atzo aurkeztu zuen euskararen irakaskuntza egituratzeko osatu duen plangintza. Plangintza honek EEPren hizkuntza politikaren irakaskuntza adarra osatzen du. «2005etik hona euskarazko irakaskuntza elebiduna kuantitatiboki haztean ezarri genuen indarra. Orain, irakaskuntzaren helburuak, konpetentzien ebaluatze irizpideak, irakaskuntza elebidunaren koadro orokorra... definitu ditu- gu», adierazi zuen harro Max Brisson EEPren lehendakariak, eta zehaztu zuen «irakaskuntza elebidunaren eraikitzean urrats garrantzitsua» eman zela atzo.

EEPk prestatutako plangintza zazpi norabidetan artikulatzen da. Besteak beste, lehen aldiz mailaz maila hezkuntza elebidunean haurrei eskatuko zaien euskara maila, eta hori ebaluatzeko irizpideak finkatzen ditu. Horretarako, Europar Batasunak eskatutako hizkuntzen koadro orokorrean oinarritzen da. Horretaz gain, eskola elebidunetan beharrezkoak diren irakasle postuak definitzeko metodologia berria proposatzen du, hezkuntza eredu horretara bereziki egokituta: «Hizkuntza bakarreko irakasle postu batek, lehen mailan 25 ikasleko, eta bigarren mailan 30 ikasleko heina betetzen du. Bada, gela elebidunetan heina 22 eta 25 ikaslekoa izanen da, hurrenez hurren», esan zuen Philippe Carriere inspektore akademikoak Hezkunde Nazional frantsesaren izenean.

Baliabideetan zalantza

Plangintza kualitatiboak oso helburu handiak finkatzen ditu. Izan ere, EEPren xedea, Brissonen hitzetan, «euskarazko hiztun osoen kopurua ahalik eta gehien handitzea» da. Baina, definitutako euskara ezagutza eskakizunetara iristeko baliabideek galdera anitz zalantzan utzi dituzte. Beharrezko irakasle postuen definizio berezitua abian ezarririk ere, Hezkunde Nazionalak dauka azken hitza postuak sortzeko.

Horretaz gain, helburuak betetzeko plangintzak aurreikusitako neurriak ez dira helburuen dimentsiokoak. Horrela, plangintzak eskola elebidunean euskarazko eta erdarazko kurtsoen proportzioa erdi eta erdira eramatea aurreikusten du. Nahiz eta legez banaketa hau zehaztu, gaur egun, praktikan, ez da betetzen, eta irakaskuntza elebidunean klase gehienak frantsesez ematen dira.

Bestalde, planak aurreikusten du lizeo eta kolegioetan euskaraz irakasten diren arloak Historia, Matematikak edo Gorputz Heziketara zabaltzea. Horretarako, irakasleak eta Unibertsitateko irakaslegaiak euskarara formatzea aurreikusten du. Alta, batetik neurri horiek «euskarazko hiztun osoak» sortzeko nahikoak diren zalantza ukan badaiteke ere, plangintzak ez du inolako egutegirik aurreikusten neurrien aplikazio konkretuari begira.

Ondorioz, gaurkoz ez dago argi Euskararen Erakunde Publikoaren plangintzan azaltzen diren neurriak noiz aplikatuko diren. Oraingoz, plangintzan ofizialki definitze bidean dago-ena, mailaz maila hezkuntza elebiduneko euskararen ezagutza helburuak eta ebaluatze irizpideak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo