GARA > Idatzia > Kultura

Bi emakumeren bakardadea taularatuko du Glu Gluren «Ezker-Eskuma» lan berriak

p053_f02_088x120.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Aizpea Goenagak eta Ane Gabarainek zuzentzen dute Glu Gluk ekoiztutako «Ezker-Eskuma» antzezlana, eta gaur bertan estreinatuko dute .Elgoibarko Herriko Antzokian

Bi emakume, Rosa eta Sara, dira protagonista; Loli Astoreka eta Iñake Irastorza. Bakoitza bere etxean bizi da, bere munduan, eta bere egunerokotasunak dakartzan arazoekin ari da etenik gabeko borrokan. Kontu bakar batek elkartzen ditu: biak solairu berean bizi dira, ezker-eskuma.

Elkarrekin zerikusirik izan gabe ere, elkarren konpainia eta laguntasuna ezinbestekoa dute aurrera egiteko. Rosa (Astoreka) «etxekoandre porrokatu prototipikoa da», bere bazkari eta janariak ditu hizpide, besterik ez. Eta senar isil eta anonimoa du, alegia, «hutsaren parekoa». «Senarrarekin bizi da, bai, baina bakarrik. Bizitzak erakutsi dio alaia eta bizia izaten, baina, ere berean, ahulena da bere bakardadean», argitu du aktoreak.

Sara, berriz, bakarrik bizi da, etxetik at lan aspergarri bat duen emakume «lehorra eta zakarra» da, noizean behin Interneten sartzea beste denborapasarik ez duena. Iñake Irastorzak laburbildu duenez, finean «bi bakardade ezberdinen istorioa da antzezlana», protagonistek bizimodu ezberdinak izanagatik, biak ala biak baitaude bakardadean galduta.

Hari horri tira egin arren, hau ez da antzezlan goibela. «Fondo dramatikoa badu ere, umorera egiten duelako, protagonisten umore, haserre eta laguntasunarekin», azaldu du Aizpea Goenagak, obraren egileak.

Formatu txikia, zoritxarrez

«Obra Euskal Herriko antzerkiaren errealitatera egokitzen dela esango nuke -erantsi du egileak-. Euskaraz bakarrik egiten diren antzezlanek formatu txikikoak behar dute izan, zoritxarrez».

Hala bada, umorearen bidez emozio ezberdinak erakusten dituen «Ezker-Eskuma» gaur estreinatuko dute Elgoibarren -Mutrikun egin baitzuten jendaurreko entsegu arrakastatsua-. Hilaren 22an, Zumaian izango dira, 29an Beasainen, eta martxoan Erandiora, Mendarora eta Gernikara ere iritsiko dira.

Fitxa

Izenburua: «Ezker-Eskuma».

Egilea: Aizpea Goenaga. Zuzendaritza: Aizpea Goenaga eta Ane Gabarain. Aktoreak: Loli Astoreka eta Iñake Irastorza. Eszenografia diseinua: Gorka Minguez. Jantziak: Arantza Gil.

Argiztapena: Zigor Gorostiola. Ekoizpena: Glu Glu. Ekoizpen exekutiboa: Mari Cruz Melgosa eta Toño Pinto. Estreinaldia: Gaur, 22.15ean, Elgoibarko Herriko Antzokian. Informazio gehiago: www.glugluproducciones.com.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo