GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak Buruz Burukoa

Ozafrainek eta Ezkurrak finalerako bidea egiten jarraitzeko aukera paregabea izango dute Maulen

J.L. | DONOSTIA

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia izango da asteburu honetan, eta gaur bertan bi partida jokatuko dituzte Maulen, Glaria trinketean, 19.00etatik aurrera

Lehen partidan, Ozafrain eta Idiart neurtuko dira. Lehen jardunaldian, Bankakoak irabazi zuen, eta gaur ere gauza bera egiten baldin badu, urrats handia emango du finalerako bidean, nahiz eta etziko partidetan zer gertatuko itxaron beharko duen, baita azkeneko jardunaldira bitarte ere.

Idiartek, aldiz, lehen jardunaldian galdu egin zuen, eta gaurko partida irabaztera behartuta dago, lehiaketa honetan bizirik jarraitu nahi baldin badu.

Garaipena lortzen baldin badu, lehiaketa honetan bizirik jarraituko du, eta galtzen badu, berriz, ezertarako aukerarik gabe geratuko da. Partida oso zaila izango du, Ozafrain baita txapela janzteko faboritoetako bat. Iaz bigarren izan zen, eta aurten Superprestigioa irabazi du. Gainera, ligaxka honetan Waltari mendean hartuz abiatu da. Sasoiko dago.

Bigarren norgehiagokan, Paxkal Ezkurra eta Sebastien Sorhuet neurtuko dira. Aurreko partidaren antza hartuko du honek. Paxkalek garaipena lortzen baldin badu, urrats handia emango du finalari begira, eta Sorhuetek, aldiz, ia aukera guztiak galduko ditu.

Ezkurra II.a da egungo txapelduna, eta garaipen eder batekin ekin zion lehiaketari. Alde handia kendu zion Dermiti, eta hori, gerora ere, garrantzitsua izan daiteke. Urruñako atzelariak ez du azkeneko denboraldia aurrekoen parekoa egin, baina badirudi bere jokoa berreskuratzen ari dela, eta hori lortzen baldin badu, oso zaila izango da beraiei txapela kentzea.

Hala ere, gaur kontuz ibili beharko du Sorhuetekin. Etxetoren aurka galduta dator, eta itxaropenei eusteko duen aukera bakarra izango da gaur irabaztea. Hori lortu ezean, aukerarik gabe geratuko da, eta duen guztia ematera aterako da. Presio hori ere kalterako izan dezake, baina galtzeko ere ezer ez du, ez baita faboritoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo