GARA > Idatzia > Mendia

eskalada Kateatze berriak

Santa Linya izarren garaia heldu da

Goi mailako makina bat eskalatzaileren bisita jasotzen ari da Lleidako eskola hau. Marin, Mitboe eta Ondrak, adibidez, «La Novena Enmienda» (9a+) errepikatu dute. Ondrak «La Rambla» ere igo du Siuranan.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Lleidako eskola hau sekulako goraldia izaten ari da eta, hein handi batean, ez gaitu batere harritzen. Hango haitzulo nagusiak egundoko potentziala zuela ohartu zirenean, izen handiko prestatzaile batzuk agertu ziren han barrena; besteak beste, Dani Andrada. Nahiko berria den eskola honetan, pixkaka-pixkaka, bideak sortu zituzten, ia gehienak, zailtasun handikoak, eta egun lasai asko esan genezake hamar izarreko eskalada eremu baten aurrean gaudela; kalitate handiko zailtasuneko laborategi batean, hain zuzen ere. Hori bai, batzuetan prestatu dituzten bideak nahiko nahasiak dira, besteak beste, luzatu edo aldaeraren bat gehitu dietelako.

Hori guztia gutxi izango balitz, Santa Linyak badu zailtasun handiko kirol eskaladan jarduteko ezinbestekoa den beste ezaugarri bat: ia negu osoan zeru urdinak eta tenperatura hotzak dira nagusi. Eta gehigarri horiekin guztiekin, pareta horrek beste denboraldi bati eman dio hasiera. Eta, gainera, nolako hasiera! Aipatu dugu Santa Linya modan dagoela eta horrek makina bat bisitari erakartzen dituela; ez soilik Estatu espainolekoak, baita nazioartekoak ere.

Urtarrilak lehenengo urratsa eman eta segituan zabaldu zizkien ateak Lleidako eskola honek lehenengo eskalatzaileei. Hango «burua», Andrada, bere kide diren Chris Sharma eta Dave Graham estatubatuarrekin «bihurrikeriatan» hasi zen. Neanderthal izeneko proiektu bat prestatu zuten, ziur aski Santa Linyako gogorrena. Haien ustetan 9b gradukoa izan daiteke. Bide horretara puntu-puntuan iristeko, Sharma hainbat bide kateatzen jardun da. Aipatzeko modukoak dira: Rollito Sharma extension (8c) flash eran, Santa Leña (8c/+) eta Blomu (8c+) hirugarren ekinaldian. Hori guztia egiten ari zen bitartean, arestian aipatutako proiektuari ere ekin dio eta, Santa Linyatik jakinarazi dutenez, eskura duela dirudi.

Ondraren agerraldi basatia

Neanderthal bidearekin jo eta su dabilen beste bat Edu Marin dugu. Katalana ere mugimenduak zein sekuentziak bereganatzen saiatzen ari da. Baina proiektu horrez gainera, beste izar batean ere sartu du muturra: La Novena Enmienda (9a+) kateatu berri du eta 9a+ zailtasuneko bere bigarren bidea gainditu du; aurretik La Rambla zuen. La Novena Enmienda, berez, 9a+/b bezala jaio zen, baina Chris Sharma eta Patxi Usobiagaren igoeren ondoren badirudi 9a+ graduan gelditu dela. Marinentzat ere hor nonbait ibiliko da: «La Rambla baino errazagoa iruditu zait, lan gutxiago eskatu dit, baina badakit estilo ezberdina duela; nire ezaugarrietarako ona dena, hain zuzen ere. Oso ona da, eta haitzuloaren erdiraino 8c da; beraz, 9a+ ondo jarrita dagoela uste dut». Hori guztia gutxi izango balitz, azken asteotan beste 9a bat (La fabela pa la enmienda, lehenengo igoera) eta lau 8c+ poltsikoratu ditu eskola berean. 9a zailtasuneko bide berri horrez zera esan du: «Santa Linyako bide onenetarikoa da».

Azken aste hauetan eskola horretatik Ramon Julian, Magnus Mitboe... bezalako beste izen handiko eskalatzaile batzuk ere pasatu dira; hauen jardunak ere ez dira nolanahikoak izan. Mitboek, adibidez, La Novena Enmienda eskalatu du. Baina denen artean oihartzun handiena izaten ari dena Adam Ondra dugu. Bere 15. urteurrena «ospatzeko», Santa Linyan agertu da. Jakina, gazte txekiarra eskalatzera joan da; haren liburuxka bikainari goi mailako beste bide batzuk gehitzeko.

Eta hasteko, Ondra Digital System bidea egin du. Hori bai, 8c zailtasuneko marra hori begiratu batean kateatu du. Estilo horretan egin duen lehenengo 8c izan da; hala ere, iazko urtearen amaieran eta urte honen hasieran nahiko gertu ibili zen. Frantzia aldean 8b+/c begiratu batean egitea lortu zuen. Rollito Sharma extension (8c) ere estilo berean egin du, baina gaztearentzat 8b+ izan daiteke. Horiek izan dira etorkizun oparoa duen eskalatzaile gaztearen lehenengo «ezustekoak». Ondoren, hau landuta, La Novena Enmienda izan da. 9a+ graduko bide horrek ez dio txekiarrari ia buruko minik eman, ezta indarrak xahutu ere ezen biharamunean Fuck the system (9a) hiru ekinalditan igo baitzuen. Bide horren lehenengo igoera Usobiagarena da.

Eta gazte honek geldirik egoteko gogo gutxi duenez, Siuranara egindako bisita labur batean La Rambla bidea (9a+) igo du. Ziur aski bidearen kateatze azkarrena egin du; izan ere, 5 saio soilik behar izan ditu. Iaz pare bat saio egin zituen, eta orain beste hiru behar izan ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo