GARA > Idatzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Aborigenak ehizatzeko baimena

Aaustraliatik dator notizia. Aborigenek kolonizazio garaian pairatu zuten infernua onartu du Gobernu laboristak. Berandu bada ere, ez dadila beranduegi izan.

Hala ere, bihotz oneko erakustaldi mediatiko horrek zerbait aldatzera behartzen al du? Noraino iristen da, finean, besteari eragindako kalteaz irakaspenak ateratzeko asmoa?

Kondena eta barkamenaren eskemak denetariko basakeriak babestu ditu historian. Hala ere, ezkerreko politikariek bihotza zabaldu diote doktrina zaharberrituari. Horri esker, mundu osoko aborigenen heriotza zuria bultzatzen duen eredu ekonomikoa berdin gordetzen dute, eta ez dute arbasoek egin zituzten «gehiegikeriengatik» barkamena eskatzeko arazorik. Azaleko keinu hori indargabetzeko, hor dira finantza eta multinazionaleko kudeatzaile zorrotzak. Horiek eskua luzatzen diete etengabe azken aborigenei, ea behingoz gizon eta emakume basati horiek baimena ematen dieten zuriei beraien lur eremuen jabe izateko.

Izatez badago benetako ordaintza historikoa aitzineratzeko aukera eta beharra, baina antza denez, keinuak egitea baino garestixeago aterako litzateke. Gainera, hautuak prezio politikoa ordaintzera behartuko luke, hots, inoiz amaitu ez den eskubideen hustuketa baten aurrean gaudela onartzea.

Kondena, barkamena... Hango eta hemengo gobernuek aldarte onaren jantzia hartu dute. Hori bai, aurkari politikoari otsoaren jantzia egokitu eta etengabeko ehizari ekin diote.

Barkatu, baina, ardiak baino tentelagoak ez garenez, jakin badakigu areto dotoreetan aterpea bilatzen dutenen artean ere ehizazale askotxo dagoela. Hiritar zintzo horiek euskal aborigen zirikatzaileei aholku bat ematen diete: bizirauteko beren burua hil beste biderik ez dutela. Atzaparkadak ez jasotzeko, askoz hobe jauntxo zuriaren kontratua sinatu eta erreserban, nortasuna galduta, baina zalapartarik atera gabe, hil.

Aldarte oneko galdera: zer gehiago gertatu behar da gure erreserban abertzale zintzoek fede iluneko besoetatik askatu, eta herri arrazoiari ateak zabaltzeko erabakia hartzeko?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo