GARA > Idatzia > Ekonomia

LABek zerbitzu «publikoa eta gertukoa» defenditzeko ekimenak antolatu ditu

Ipar Euskal Herrian ere, zerbitzu publikoa gainbehera datorrela ikusita, LABek sakoneko hausnarketaren premia nabarmendu du. Herritarrei zerbitzu horiek bermatzeari «ezinbesteko» iritzita, ekimen andana prestatu du azterketa egin eta aukera berriak gizarteratzeko.

Arantxa MANTEROLA |

Euskal Herri osoko Zerbitzu publikoei buruz LAB egiten ari den hausnarketaren karietara, atzo, Ipar Euskal Herrian antolatu dituen hainbat ekimenen berri eman zuten Geronimo Prietok eta Lontzi Amado-Borthairuk.

Lehenak Epaitegietan egiten ari den erreforma ekarri zuen gogora. Justizia Ministerioaren planen arabera, Donapaleuko Instantzia Epaitegia (IE) eta Oloroueko Prud'Hommes lan aferetako epaitegia desagertuko lirateke. LABen ustez, «galera» litzateke, instantzia horietan herritarrei «eguneroko gorabeheretan hurbileko zerbitzua» ematen baitzaie.

Hori dela-eta, proposamen zehatza igorri die hautetsi eta zerikusia duten eragileei, epearen barnean, alegazio modura aurkez ditzaten: Donapaleun, zenbait bitarteko bateratuz, bi zerbitzuak atxikitzea, alegia. «IE mantenduz eta Nafarroa Behereko eta Zuberoko lan-gaiak bere gain hartuko lituzkeen Prud'Hommes Kontseilu berria sor- tuz, hurbileko zerbitzua emateaz gain, Zuberoko herritarrak Euskal Herriko eremuan izango lukete zerbitzua eta ez Bearnon, egun bezala», gaineratu zuen.

Hausnarketa, ordea, beste alorretara ere zabaldu nahi izan du LABek. Euskal Herrian eta harago ere, herritarrei bermatu beharreko zerbitzuak gainbehera datozela, eta pribatizatzeko joera gero eta handiagoa hartu dutela adierazi zuen Borthairuk.

Horretaz eztabaidatzeko eta aukerak bilatzeko, larunbaterako jardunaldia antolatu dute Baionako IUTn. Attac-eko kide batek, LABeko Zerbitzu Publikoetako alorreko Mati Iturraldek, Ipar Euskal Herriko LABeko beste ordezkari batek eta zerbitzu publikoetan lan egiten duten zenbait afiliatuk egin dituzten azterketak azalduko dituzte. Bestetik, barnealdean zerbitzu publikoen defentsarako taldea sortzen saiatuko dira.

EPAITEGIA ATXIKI

Martxoaren 1ean, goizeko 11.30ean Donapaleuko azoka plazan elkarretaratzea egingo du LABek, bertan Instantzia Epaitegia atxikitzeko eta lan gaietako Prud'Hommes Kontseilua sortzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo