GARA > Idatzia > Kultura

Gasteizen ez ezik Donostian ere antolatu du Euskadiko Orkestrak «Musika familian»

Martin ANSO | DONOSTIA

Euskadiko Orkestrak Gasteizen antolatu duen “Musika familian” programari jarraituz, “Babar elefante txikiaren istoria” izeneko ipuin musikala eskainiko du ostiralean, 19.00etan, Principal antzokian.

Musika Francis Poulenci zor zaio eta orkestrak berak joko du, Ruben Gimenoren zuzendaritzapean. Testua, berriz, Jean de Brunhoffek idatzi zuen eta Unai Elorriagak euskaratu du. Ostiralean, Iban Garatek egingo ditu narratzailearenak.

Ipuin musikal hau EHUko Antzerki Graduondoarekin batera ekoitzi du Euskadiko Orkestrak. Horri esker, bereziki zaindua izango da eszenografia. Ikuskizunari begira espresuki egindako marrazki batzuk proiektatuko dituzte eta dantzari bat ere arituko da.

Gasteizen ez ezik Donostian ere egingo dute “Musika familian” delako programa. Izan ere, atzo aurkeztu baitzituzten orkestrako arduradunek Gipuzkoako hiriburuan programa hori osatuko duten hiru ikuskizunak.

Lehenengoa, otsailaren 23an, “Babar elefante txikiaren istoria” bera izango da; bigarrena, berriz, apirilaren 19an, “Biolentxeloak zoraturik”, eta hirugarrena, azkenik, ekainaren 14an, “Txirula-jotzaile miresgarria”.

“Biolontxeloak zoraturik” Asier Polok eta Musikeneko biolontxelo gelako ikasleek eskainitako kontzertu berezia izango da. “Txirula jotzaile miresgarria”, berriz, Euskadiko Orkestrak Euskal Herriko musika eskoletako 60 haurrekin batera interpretatuko duen ipuin musikala da. Unai Elorriagak euskaratutako testuari Oihan Vegak jarriko dio ahotsa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo