GARA > Idatzia > Ikusmira

Zerbitzu publikoei buruzko hausnarketa

Gaur bertan Osakidetzako buruek eta sindikatuek negoziazioari ekingo diote azken hilabeteotan ezinezkoa izan den adostasunaren bila. Mahai gainean eskaera ekonomikoak baino harago doan pribatizazioaren mamua izanen da. Sindikatuen ustez, pribatizatzeko joera horrekin Osakidetzaren kalitate maila arriskuan jartzen da.

Zerbitzu publikoen bilakaera aztertzeak guztiz beharrezkoa dirudi, are gehiago kontuan izanik Euskal Herrian ezarrita ziren administrazio ezberdinek enpresa pribatuaren logikapean kudeatzen dutela gero eta gehiago.

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean egoera bereziki kezkagarria da. Administrazioa murrizteko Nicolas Sarkozyk aurrera daraman politikak kinka larrian utziko ditu hiritarren eguneroko bizitzan oso presente diren zerbitzuak. Halaber, Donapaleuko Instantzia Epaitegia eta Oloroneko Prud'Hommes (lan harremanez arduratzen den epaitegia) desagertzear dira. Hori dela-eta, LAB sindikatuak hautetsiengana joko du hurbileko zerbitzu horiek Euskal Herriko eremuan gordetzearen alde lan egin dezatela eskatzeko. Era berean, mota ezberdineko ekimenak egingo dira zerbitzu publikoen gainbehera salatzeko. Egungo egoera ikusita, sindikatuak beste eragileekin batera abiatu duen pribatizazioari buruzko hausnarketak erabat aproposa dirudi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo