GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Jaioberriak bizimodu duina» izan dezan sortu dute Iurretan «Eihar jagoten» herri-plataforma

K.P. |

Otsailaren 5ean kartzelan -Parisen- jaio berri den Eihar Igartua Areitioren «beharrizanei erantzuteko» laguntza taldea sortzen ari dira Iurretako herrian, zeregin nagusitzat, «gurasoak kartzelan dituenez, Eiharren eskubide politiko eta moral guztiak errespetatuak izan daitezen lan egitea dugu, bere zaintza, gaixoaldi eta, orohar, suerta daitezkeen arazo guztiei erantzun egoki bat emateko».

Joan den astelehenean ``Eihar jagoten'' plataformaren aurkezpen publikoan aurreratu zenez, «euskal preso politiko batek Estatu frantsesean haur bat izaten duen kasu bakarrenetarikoa da esku artean daukaguna, eta horrek informazioa eskuratzea eta gure lana behar bezala burutzea zailtzen duen arren, gogor egingo dugu lan, jaio berri den euskal herritar txiki honek ahalik eta bizimodu duinena izan dezan». Atxilotu zuten unean, lau asteko haurdun zegoen Alaitz Areitio. Plataformak salatu duenez, bai Alaitzek, bai Igor Igartuak, haurraren aitak, atxilotu zituztenetik, «etxekoen bisitak besterik ezin izan dituzte eduki, eta horrenbeste maite ditugun beste senide eta lagunon bisitak debekatu, eta elkarrengandik metro eskasetara kartzelatuak izan arren, beraien arteko bisitak ere galarazi dituzte».

Gainera, haurra izateko unean, «Alaitz -Fleury-ko gartzelan dago preso- bakarrik aurkitu da ospitalean, bertan bisitarik jasotzeko aukerarik izan gabe, eta konfiantzazko inoren laguntasunik jaso gabe» gaineratu zuten plataformako partaideek.

Mendi martxa, bertsolariak

Beste hainbat ekintzaren artean, otsailak 16rako egitarau bat zehaztu du plataformak, Bizkaiko bertsolarien eta Iurretako Gazte Asanbladaren laguntzaz.

Goizeko 10.00etan mendi martxa bat abiatuko da Iurretako Goiuria ikastolatik, eta arratsaldean, 19.00etan, herriko eskoletan bertso saioa izango da Unai Iturriaga, Igor Elorza, Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita, Etxaun Lekue eta Xabi Payarekin, eta Maite Berriozabal izango da gai jartzailea.

«Euskal Herriak horren garai gogorrak bizi dituen une honetan, sortu berri diren kimu errugabeak jagotea gure betebeharra da, lan nekez eta borroka luzeen buruan, behingoz euskal herritarron hitza eta erabakia errespetatuak izan daitezen» esan du «Eihar jagoten» plataformak eta dei egin diete «Eiharren, eta bere egoera berean aurkitzen diren gainerako haurren, oinarrizko eskubideen alde laguntzeko prest dauden gizabanako eta kolektibo guztiei», larunbatean Iurretara abiatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo