GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abortatzeko eskubidearen alde kalera ateratzeko deia, larunbatean, Iruñean

Euskal Herriko mugimendu feministako talde batzuek emakumeek libre eta doan abortatzeko duten eskubidea babesteko manifestazioa antolatu dute Iruñean larunbaterako. «Epaiketa prozesuek, kliniken erregistroek, Nafarroan legea ez betetzeak», eta azkenaldian izan diren bertze zenbait gertakarik bultzatu ditu ekimena prestatzera, berriz ere kalera atera eta espazio publikoa berreskuratzeko. «Gu erditzen gara, guk erabakitzen dugu», aldarrikatuko dute.

GARA |

«Berriz ere kalera irten eta espazio publikoa berreskuratu dugu. Aspalditik datorkigun eskubidea da, beronen defentsa gure taldeen oinarrian dago: abortua libre eta doan». Hala mintzatu ziren atzo Euskal Herriko mugimendu feministako talde batzuk, larunbat honetarako prestatu duten manifestazioaren aurkezpenean. 17.30ean paratu zuten hitzordua, Iruñean.

Prentsaurrekoan hainbat salaketa egin zuten. Erraterako, 2.000 emakume baino gehiagoren bizitza pribatuaren aurkako «eraso polizial eta errepresiboak» gertatzen ari direla nabarmendu zuten. «Emakume horiek, eskubiderik oinarrizkoena, norbanakoaren gorputza kontrolatzekoa, praktikan jartzeko pasatu dira kliniketatik», azaldu zuten.

Gobernu espainola 1985ean onartutako legearen aplikazio zehatza, eta hitz emandako moldaketa, atzeratu nahian dabilela kritikatu zuten. Abortua delitutzat hartzen jarraitzeak eskubidea mugatzen duela ohartaraztearekin batera, haurdunaldia dohainik eta berme guztiekin etetea, zentro publikoetan, gero eta zailagoa dela ziurtatu zuten.

Mobilizatzeko deia egin duten talde horien iritziz, andreen sexu eskubideak eta ugaltzekoak ezabatu eta zapaldu dituzte eskukada bat botoren eta soldata handiz hornitutako besaulki batzuen truke. Gainera, Eliza katolikoak berriz ere hauteskunde agertokia «era erasokorrean» estutzen diharduela adierazi zuten, «gure bizitzetan muturrak sartuaz, askatasunen deuseztapenerako argumentuak erabiliaz».

Testuinguru horretan, mugimendu feministaren ustez, ez da emakumeen eskubideak beteko direla ziurtatzen. «Haurdunaldia Nahita Etetea (HNE) ez da doan; ez da zentro publikoetan egiten; oztopo mediku eta juridikoen lasterketa bat da; eta, azkenean, tranpa maltzur bat, zeinetan guardia zibilak emakume eta profesionalak atxilotzen dituen», argudiatu zuten.

Basauriko epaiketa ekarri zuten gogora. Orduan «gizarte osoa» mobilizatu zen eta abortuaren despenalizazio partziala lortu zen. «Diktadura frankistaren hondarrak» zirela pentsatu nahi izan zuten feministek, baina orain ikusi dute ez dela horrela. Diktaduraren ondorengoek «bere egin dute emakumeen eskubideen kontrako gizarte kontserbadore» hori.

Oraindik orain, lege berriarekin ikusi dute abortu gehienak klinika pribatuetan egiten direla. «Zentro publikoetako analisien eta sendagileen txostenen bide luze eta zailak emakumeak asistentzia azkar eta egokiagoa bilatzera eramaten ditu. Zentroetako profesionalen gain, berriz, botere judizialaren eta polizialaren etengabeko mehatxua eta legea hausten ari direneko ustea dago» gaineratu dutenez.

Nafarroan egoera are okerragoa dela azaldu zuten, UPNren gobernua, PSN-PSOEren laguntzaz, legearen aplikazioa oztopatzen ari delako eta ez duelako Estatu espainoleko gaur egungo legedia betetzen. «Hemen ezin da abortatu. Hemen osasungintza publikoa sendagile klase atzerakoienaren plaza da. Hemen ez dira emakumeon eskubideak errespetatzen. Hemen giza eskubideak urratzen dira», baieztatu zuten.

Horregatik, Euskal Herrian andreek «gorputzari buruzko erabakirik hartu ezin dutelako, abortua doan eta libre ez delako», mugimendu feministako hainbat taldek manifestazioa eginen dute.

«Ez gara isilduko -ziurtatu dute-. Ez gaituzte isilduko. Kalera batera irtengo gara, aldarrikatzaile, UPNren gobernuaren praktika lege-hausleak salatzeko. Gogoz kontrako haurdunaldiak gutxituko dituen sexu hezkuntzako eta orientazioko programen falta eta familia harremanerako eredu heterosexualaren inposizioa salatzeko».

nafarroa

Mugimendu feministak ohartarazi du Nafarroako egoera okerragoa dela, UPNren gobernua, PSN-PSOEren laguntzaz, legearen aplikazioa oztopatzen ari delako.

Bide luze eta zaila

«Zentro publikoetako analisien eta sendagileen txostenen bide luze eta zail horrek, emakumeak arreta azkarragoa eta egokiagoa bilatzera eramaten ditu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo