GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñeko Udalak euskararekiko duen jarrera salatu du EHEk

Euskal Herrian Euskaraz erakundeak Iruñeko Udalak «euskararen eta euskaldunon eskubideen kontra» aurrera da- raman hizkuntza politika salatu zuen atzo. Ildo horreta- tik, erakundeko eledun Xabier Maritorenak gogora ekarri zuen talde euskaltzaleak, hauteskundeak baino lehen, alderdi politiko guztiei euskaldunen eskubideak bermatze- ko «aldarrikapen taula» banatu ziela, eta oraingoz, Udalak ez duela zerrendako «puntu bat bera ere» bete.

p024_f01_100x110.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

«Iruñeko Udala erdalduna da: aurrekontuetan, eremu linguistikoan, bitarteko komunikatiboetan, langileen eta hautetsien euskara ezagutza eta funtzionamenduan, etab. Beraz, euskararen egoera kezkagarria da oso; Iruñea normalizazio bidetik urrun da, eta ez da Udalaren aldetik aurrerapausorik ikusi», salatu zuen atzo Euskal Herrian Euskaraz erakundeko bozeramaile Xabier Maritorenak Nafarroako hiriburuan eskainitako prentsaurrekoan.

Haren aburuz, Iruñeko Udalean UPN gehiengo absolutua izatetik gehiengo sinplea izatera pasatu den arren, «hizkuntza politikari bere horretan eusten dio, duela bi urte UPNk eta CDNk adostutako Ordenantzan oinarritua». Hala, erakunde euskaltzaleko eledunak salatu zuen Ordenantzak «euskaldunon hizkuntza eskubideak nonahi eta noiznahi zapaldu» egiten dituela, eta «1.400 langiletik 30i soilik euskara eskatzea» aipatu zuen zapalkuntza horren begi-bistako adibide bezala.

«Lehenago indarrean zegoen Ordenantzak ez zituen euskaldunon hizkuntza eskubideak asetzen, baina orain indarrean dagoenak, are gutxiago», salatu zuen Euskal Herrian Euskaraz erakundeko eledunak. Gainera, Maritorenak jakinarazi zuen Kontseiluak iaz egin zuen udalen hizkuntza politiken neurketan Iruñekoak «notarik baxuena» jaso zuela.

Horren haritik, erakundeko bozeramaileak gogora ekarri zuen EHEk udal hauteskunde- ak izan baino lehen Iruñeko alderdi politiko guztiei euskaldunen hizkuntza eskubideak betetzeko hamar puntutan banatu- tako «aldarrikapen taula» he- larazi ziela. Bederatzi hilabete igaro ondoren, Yolanda Barcina alkate duen Udalak zerrendako «puntu bat bera ere» ez duela bete salatu zuen.

Egoeraren errudunak

Zerrenda horretan aurkeztutako aldarrikapen nabarmenenak, «euskara ofiziala eta lehentasunezkoa» izatea eta «euskararen normalizazioa» lortzeko hizkuntza politika abian jartzea dira. Horietaz gain, euskararen eskubideak bermatzeko beste zortzi neurri aurrera eramatea proposatu zuten: «Udal araudi eraginkorra, euskararentzako baliabide pertsonal eta ekonomikoak, herritarrei harrera eta zerbitzuak, udal komunikazioak, euskararen ezagutza biztanleen artean, herritarren parte hartzea, ordezkariak euskaldunak izatea eta paisaia linguistiko euskalduna».

Gainera, Maritorenaren iritziz, «hori gutxi balitz», gaur egun Udalak «euskararen eta euskaldunon eskubideen kontrako hizkuntza politika darama aurrera».

Egoera honen erantzuleei begira jarrita, Euskal Herrian Euskaraz erakundeko bozeramai- leak adierazi zuen «UPNk Alkatetza izanik, egoeraren erantzukizun nagusia berea» dela, baina dena den, Udalbatza osatzen duten gainerako indar politikoek beste maila batean «berea ere» badutela nabarmendu nahi izan zuen.

Hala, hizkuntza eskubideen urraketa horren aurrean, datorren ostiralean, otsailaren 22an, arratsaldeko zazpietan Iruñeko Udaletxe plazan kontzentrazioa deitu du erakunde euskaltzaleak. Alde horretatik, iruindarrak «guztion indarrarekin» Udala euskalduntzeko borrokara atxikitzera animatu zituen Xabier Maritorenak.

Era berean, datorren martxoaren 9an Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan izanen diren hauteskundeei begira, era- kunde euskaltzaleak manifestazioa eginen du Ziburun datorren martxoaren 1ean. Mobilizazio horren bidez, Ipar Euskal Herriko udalei ere euskara sustatzeko eskatuko diete.

elkarretaratzea

Iruñeko Udalari euskaldunen hizkuntza eskubideak berma ditzala eskatzeko, Euskal Herrian Euskaraz taldeak elkarretaratzera deitu du datorren ostiralean. Kontzentrazioa 19.00etan egingo dute, hiriburuko Udaletxe plazan.

Euskararen ofizialtasuna, aldarrikapen nagusia

Joan den maiatzeko udal hauteskundeen aurretik Euskal Herrian Euskaraz erakundeak Iruñeko Udaleko alderdi politiko guztiei bere eskaera guztiak hamar puntutan zatitutako «aldarrikapen taula» batean helarazi zizkien. Erakundeko eledun Sergio Cañamerok jakinarazi zuen atzo, eskaera horietatik guztietatik garrantzitsuena «euskara ofizial eta lehentasunezko izendatzea» dela. Horretaz gain, Udalaren hizkuntza politikaren helburua «normalizazioa lortzea» izatea ere ezinbestekotzat jo zuen. «Hizkuntza politika horren tresnarik nagusiena normalkuntza plana izango da. Plana, lekuan lekuko egoerari egokituz egingo bada ere, normalizazio osoa izango du helburu edozein kasutan», adierazten da testuan.

Era berean, udal araudi eraginkorra eta euskararentzako baliabide pertsonal eta ekonomikoak bermatzeko zerbitzuak eskaintzea aldarrikatzen da. «Euskararen normalizazioak arau babes bat behar du udalerriz udalerri. Urte osoko aurrekontuen %2 zuzenean euskararen normalizazioan eragina izango duen egitasmo eta ekintzetarako». Gainera, udal langile euskaldunak izatea, eta era berean, euskarri komunikatiboak euskaraz zabaltzearen garrantzia nabarmentzen da. «Udalak, Administrazioko sail guztietan langile euskalduna egotea bermatu behar du. Horretarako eskolak euskaldundu dezaten eta hezkuntzak kaltetutako herritarrei euskara doan ikasi ahal izateko urratsak emango dituzte», gaineratzen da.

Azkenik, EHEk nahitaezkotzat jotzen du herritarren parte hartzea, hautetsiek euskara jakitea eta kaleko seinaleak euskaraz ipintzea. A.V.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo