GARA > Idatzia > Gaurkoa

Asier Blas ehuko irakaslea

Kosovotik Euskal Herrira

Nazionalitate eta gutxiengo etniko desberdinek populatu dute Kosovo azken mendeetan. Horien guztien artetik, serbiarrak eta albaniarrak ziren garrantzitsuenak. Halere, otomandarren errolden arabera, badirudi serbiarrak gehiago zirela XV. mendean. Garai hartakoa da bi nazionalitateen arteko tentsioaren hasiera. Izan ere, okupatzaileen musulman erlijioa hartu zuen albaniarren parte garrantzitsu batek, eta horri esker, albaniarrek esku hartu ahal izan zuten Inperio otomandarren kudeaketa kolonialaz arduratzen zen egitura administratiboan. Serbiarrek, aldiz, okupatzaile turkiarren aurkako jarrera garatzen jarraitu zuten, eta horrek talka sortu zuen bi nazionalitateen artean.

Dena den, egungo afera hobe litzateke XIX. mendean eta XX. mende hasieran kokatzea. Orduko da otomandar inperioaren gainbehera eta estaturik gabeko nazioen borrokaren berpizkundea. Etnikoki egoera Kosovon ez zegoen oso argi, egia da alde batetik serbiarrak zirela biztanleriaren %50, baina kopuru horretara iristen ari ziren albaniarrak, eta horregatik XX. mende hasieran egin zituzten serbiarrek zenbait birpopulatze saiakera (horiei esker populazioaren %60 edukitzera iritsi ziren). Geroztik egon da bi nazionalitateen arteko borroka lur eremu hori kontrolatzeko, batzuetan era esplizitu batean (intentsitate altukoa) eta askotan era inplizitu batez (intentsitate baxukoa). Eta nahiz eta Serbiako mugen parte bezala amaitu zuen Kosovok, borroka urteetan luzatu da gaur egun arte. Erreferente estatala (Serbia eta Albania) duten bi nazioen arteko borroka probintzia bategatik. Eta testuinguru honetan, azkeneko atala izan da independentzia, ulertuta albaniarren garaipen bezala.

Independentzia ez da nazio berri baten jaiotza, independentzia da albaniarrek duten nagusigo demografiko, politiko eta militar (NATOk bermatzen duena) berriaren adierazpena. Azkeneko ehun urteetan nabarmen aldatu da biztanleriaren egitura (%90 albaniarra da) zenbait fenomenorengatik: jaiotze-tasa altuagoa albaniarren artean; Bigarren Mundu Gerran erail zituzten serbiar kopuru handia; horren ostean serbiarrek alde garatuagoetara immigratzera azaldu zuten joera (Belgrad, Alemania, Suitza...); Albaniako estatutik iristen ziren etorkinak pobreziatik ihesi; eta azkenik, 1999ko gerra ostean, albaniarren mendekuak sortutako serbiar eta gainontzeko gutxiengoen errefuxiatu politiko eta ekonomiko uholdea (200.000 eta 300.000 artean). Beraz, albaniarren borondatearen aurkako estatus politiko bat eratzeak ez du zentzurik demokrazian oinarrituriko printzipioak defendatu nahi badira.

Bestalde, horrelako kasuetan ez da izaten erraza argudiatzea lur zati eremu baten atxikitzea beste estatu bati, hau da, Kosovo batzea Albaniara. Zentzudunagoa dirudi irteera gisara Moldaviako errezeta erabiltzeak (errumaniarrak dira nagusi). Gainera, argudiatu daiteke azken hamarkadetan bi lurraldeek garapen desberdinak izan dituztela. Baina, batez ere, interesgarriena horrelako adibideetan izaten da irtenbide bat bilatzea borroka horri amaiera emateko. Zentzu honetan ez da ulergarria Serbiako Gobernuak izan duen jarrera. Edo bai, pentsatzen badugu maiz estatuak ez daudela beraiek aipatzen dituzten herritarrak defendatzeko.

Kosovoko estatusa negoziatzeko elkarrizketetan, serbiarrek aipatu dute ez zegoela ezer negoziatzerik, izan ere, Kosovoko albaniarrek ez zuten onartzen independentzia onartuko ez zuen proposamenik. Maximalismoen joko horretan, serbiar Estatuak defendatu ditu bere sinbologia eta nazionalismoa. Baina bost axola zitzaizkion Kosovoko serbiarrak. Bestela, hartuko zuen jarrera izango zen negoziatzea serbiarren egoera sozial, politiko eta ekonomikoa hobetuko zituzten neurriak; eta hauen barnean, segurtatzea baldintza on batzuk errefuxiatu serbiarrak Kosovora bueltatzeko. Horrela bakarrik gelditu ahal izango lukete serbiarrek lurralde horretan bizi duten galera demografikoa. Eta, noski, horrek eskatuko lukeena da independentzia onartzea eta negoziatzea, ziurtatzeko Kosovoko Estatua izango dela bertako biztanle guztien estatua, eta nazio guztien kultura eta hizkuntza errespetatu eta sustatuko dituela.

Ikuskera horretatik, negoziatzeko ahalmen handiagoa izango zuten serbiarrek, eta albaniarrek aldiz, irentsi beharko zituzten baldintza guztiak. Baina ez da horrela izan, eta pena da, uste dudalako kasu honetarako egokiena dela Kosovoko Estatuaren sorrera bultzatzea bertako herritar ororen mesederako. Demokrazian eta nazioen kulturarekiko errespetuan gauzatuko balitz Kosovoren independentzia, lehenago edo geroago Europar Batasunean egingo lukete topo Albania, Serbia eta Kosovo. Mugarik gabe hiru estatuen artean eta integrazio ekonomiko altu batekin. Oraindik ere zaila da imajinatzea egoera horretan zein diferentzia izango lituzketen Kosovoko serbiarrek alderatuta Kosovo Serbiako parte zen garaiarekin. Batzuek bai behintzat, elkarbizitza erosoagoa izango lukete albaniarrekin eta mugikortasun handiagoa alde batetik bestera joateko, gaur egungo Serbiara barne. Eta noski, Belgradeko hedabideak berdin-berdin kontsumatuko lituzkete.

Baina oraingo egoera oso desberdina da. Serbiak trabatu egin du Kosovoren independentzia, eta horrek izango duen efektua Kosovo Mendebaldeko potentzien kolonia bezala garatzea da. Jakina da Mendebaldeko potentziek dituzten arraserak desberdinak direla kasu bakoitzaren arabera. Hamarnaka dira onartu ez dituzten independentzia aldarrikapenak, baina hau desberdina da, Kosovo tratatu dute semea bezala. Amerikako Estatu Batuak dira aita, eta ume-zaintzailea Europar Batasuna. Azken honek jarriko ditu epaileak, poliziak eta aduanetako funtzionarioak. Hori bai, militar kontuetarako NATOko soldaduak daude, eta bereziki iparramerikarrak. Ez dute AEBek kasualitatez alde hartako base militar handiena eraiki.

Eta bitartean, muga berriekin Kosovoko serbiarrak urrunago egongo dira Belgradetik. Ez aipatzeagatik bizilagun albaniarrekin biziko duten tentsioa. Hori al da al da Kosovoko herritarrek ordaindu beharko duten zigorra Belgradeko Gobernuaren egoskorkeria eta nazionalismo itsuagatik? Ondorioak lazgarriak izan daitezke serbiarrentzat, lurralde horretatik desagertu artekoak.

Penagarria da ikustea Balkanetan gertatzen ari dena. Ehun urte pasa diren arren, 1908ko eskenatokiaren ezaugarri asko errepikatzen dira. Nazionalitate desberdinek bilatzen dituzte aliatuak nazioarteko potentzietan, eta hauen esanetara jartzen dira bizilagunen aurka egiteko. Garai batean, Balkanetan esku hartzen zuten Austria-Hungaria, Italia, otomandar Inperioa eta Errusia. Orain potentzia berri bat batu zaie: AEBak eta bere delegazio europarra, Erresuma Batua. Horiek, eta ez beste batzuk, izan dira haien arteko botere orekaren arabera erabaki dutenak gaur Kosovo estatu bilakatzea, eta atzo Mazedonia ez banatzea albaniar eta eslaviarren artean. Baina, Bosniaren banaketa etnikoa onartzea adostu zuten , Montenegroren independentzia bultzatzea eta Kroaziatik serbiarrak militarki botatzea ere bai. Jakiteko dagoena da zer erabakiko duten etorkizunean independentzia aldarrikatzen badu Bosniako Serbiarren Errepublikak (biztanleriaren %96 serbiarra); edo albaniarren gehiengoko lurralde mazedoniar eta montenegroarrak aldarrikatzen badute Kosovorekin batzea, etab.

Zerrenda asko luzatu daiteke, eta luzatuko da. Batek daki, akaso egunen batean euskaldunak egon gaitezke egoera berean, nazioarteko potentzien onespenaren bila. Izan ere, alde horretatik, Kosovoko kasuak garbi utzi duena da gezur handi bat dela EBk ez duela inolako independentziarik onartuko bere lurralde barnean. Nazionalista espainolek aipatzen dute betorako eskubidea dutela estatuek, eta euskaldunok noizbait egingo bagenu horrelako adierazpenik, ez luketela utziko EBk onartzerik. Oraingoan, beste behin frogatu da ikuskera hau ez dela zuzena. Potentzien arteko jokoan, eskubideak, legeak eta ezagutzak estatuen arteko borroka tresnak baino ez dira, eta hori argi utzi du Javier Solanak esatean independentziak ezagutzeko eskumena ez dela EBrena, baizik eta estatuena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo