GARA > Idatzia > Gutunak

haimar altuna ijurko Lizartzako preso politikoa

Laster arte, aita!

Berez zaila izanik seme-alaba batek aitari azken besarkada, azken musua ematen diola jakitea, oraingo honetan beste hainbatetan gertatu moduan, geuri ere azken une hau ukatu nahi, zanpatu nahi izan digute. Nahi izan digute diot, zeren eta inondik ere ez baitute lortu, eta honen adibideetako bat idatzizko hitz ameslari hauek dira. Ez dute lortu, ez; alderantziz, aita, azken besarkada horren berotasun, maitasun eta harrotasunak adinako eragina sortuko duelako gure arteko elkarlotze bitxi honek, benetakoa, zintzoa.

Aitortu behar dizut gogorra izan dela gehiago gure artean egongo ez zarela barneratzea, zenbait unetan krudela ere bai. Baina bizitza honetan zerbait argi eta garbi erakutsi badidazu, badiguzu, azken hilabeteetan osotasunean guztiontzako ikasgai bihurtzearekin batera, zera da: benetako iraultzaile batek zulorik ilunenean ere argi printza bilatzea duela xedea, helburua, betebeharra. Eta bai, aita, a zer-nolako tinkotasunarekin, adibidearekin, gogorarazi diguzun oraingoan ere.

Gogorra izan dela aipatu dizut jada; sarritan lortzen ez badut ere, oraingoan negar egitea lortu dut. Hori bai, ezin ezkuta malko garratzak isuri ditudala, ilunak.

Baina guztiaren gainetik, aita, lasai egon zaitezke. Oro har egun zailak badira ere, Euskal Herriaren aurkako bortizkeria bete-betean dagoen honetan, tinko eusten diogu eta baita eutsiko ere. Azken hamarkada luzeetako borroka latzak fruituak ematen jarraitzen du, kontzientziak astintzen...

Jada frankismoaren ondoren eraikitako mozorroak, eragindako azpikeriak, amarruak... indarra galtzen ari dira, ezin dutelarik bortizkerian, ukapenean mantendu eta elikatu duten sistema politiko, judizial eta poliziala ezkutatu.

Guk, euskal militanteok, garbi izanik ez dugula euskal gizartea ordezkatzen, baina era berean azpimarratuz euskal jendartearen zati garela, garbi dugu horretarako guztia eman behar badugu ere, borroka dugula bide bakarra.

Ikusten duzun moduan, aita, betiko lepotik dabilkit burua (nolako zura, halako ezpala, ezta?). Beraz, gaurkoz agurtzen hasiko natzaizu, baina zin degizut borrokaren, konpromisoaren bidetik, gureari eutsiko diogula, adorez beterik. Eta badakit asmo honetan ondoan izango zaitudala, zaitugula, dagoeneko arrano beltz bihurturik. Bai, aita, eta nire hitza duzu hurrengoan, negar egitean, elkar aurkitzean, askatasun malko alaiak isuriko ditudala, gardenak.

Laster arte, aita. Maite zaitut!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo