GARA > Idatzia > Txirrindularitza

EMAKUMEAK Euskaldunak

Tropelak aurrera egin du nazioarteko bi talderekin

Maila goreneko Bizkaia-Panda eta Debabarrena, eta Tolosa, Iruña eta Modus Vivendi dira taldeak

Unai IRARAGORRI | BILBO

Emakumeen tropel euskalduna iaz sendotu zen eta aurten beste urrats bat eman du. Izan ere, bi talde lehiatuko dira nazioartean, berriro ere Bizkaia-Pandak eta Debabarrenak eman dute jauzia. Tolosa, Iruña Construcción eta Modus Vivendi Euskal Herri mailan arituko dira.

Bizkaia-Panda taldeak beste urte bat emango du nazioarteko egutegian Duranguesa elkartearen eskutik. Telletxea ahizpak galdu ditu, baina Garcia igotzailea eta Josefsson suediarra fitxatu dituzte, eta Zorrilla eta Mendizabal junior mailatik igo dituzte. Azpiroz, Murillo eta Pascual geratu egin dira.

Debabarrenaren jauzia txalotzekoa da, hainbat neskari emango baitiote nazioartean lehiatzeko aukera, Gallastegiri eta Lasari adibidez, eta Telletxeatarrak ere hartu dituzte.

Edonola ere, Bizkaiak eta Debabarrenak hitzarmena dute txirrindulariak elkarri uzteko denboraldian. Hau da, Bizkaia Italiako Giroan arituko da, eta Debabarrenak emakumeak lagatzeko prest da.

Guztira, 18 txirrindulari izango dira nazioartean, hamar Debabarrenan eta zortzi Bizkaian. Italian, ordea, Iturriaga lehiatuko da berriz ere, Safi Pasta taldean. Orain arte, errepideko denboraldia pistan lehiatuz prestatu du Cespa-Euskadirekin.

Profesional mailatik at, bi talde horiek badute beste elite multzorik. Duranguesan beheko taldeak zehazten ari dira, eta Fonortek ez du babestuko elkartearen bigarren taldea. Gipuzkoako Tolosak, Nafarroako Iruña Construccion-Reyno Navarrak eta Bizkaiko Modus Vivendik 35 emakume dituzte, orotara.

Espainiako Kopa (bederatzi lasterketa) eta Euskaldun Txapelketa (sei proba) izango dituzte helburu nagusi, eta gipuzkoarrak eta nafarrak pistan ere aritu dira neguan zehar.

Euskaldun Txapelketako sei lasterketak honako hauek izango dira: Balmaseda -zalantzan da-, Ordoñana, Araxes, Sopela, Tafalla eta Zizurkil.

egutegia

Euskal Herriko egutegiak zortzi lasterketa izango ditu, eta guztien gainetik Emakumeen Bira eta Durango Saria dira aipatzekoak. Euskaldun txapelketak sei proba ditu eta Euskadikoak Sopelan izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo