GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Bostetatik bat ere ez

Ez naiz batere orijinala izango. Anjel Lertxundiren atzoko zutabean, «Berria»n, dago orijinaltasun osoa. «Egunkaria» itxi zutenetik igarotako bost urteak direla-eta, zenbaki hori biltzen duten zenbait lokuzio erabili zituen euskal egunkari haren ixtea eta horren ondorioen gaineko ideia batzuk agertzeko.

Bere bostean segitzen duela justiziak zioen, besteak beste, Lertxundik, eta halaxe da; bere bostean, hiru botereen independentzian barik. Baina beren bostean segitzen dute, halaber, auzipetuek. Ez, kasu, beren delituari eutsita, auzi horretan ez baitago deliturik, dagoeneko ikusia dugunez, horrek zigorrik ezin jasotzea esan nahi ez badu ere. Eta, zorionez, bere bostean segitzen du euskal gizartearen gehiengo politiko, sindikal eta sozialak «Egunkaria»ri eta auzipetuei elkartasuna erakutsita ez ezik, haiek sartu dituzten «zaku berean» sartuta ere.

Bost urteotan auzipetu horien babes juridiko gabeko egoera ere aipatu zuen Lertxundik eta, nik berak baino toki gehixeago dudala baliatuta, beste lokuzio bat ekarriko dut egoera hori adierazteko: behiaren bosgarren txahala diruditela.

Zenbaki hori hartzen duten esapide guztiak ezin ekar baditzaket ere -ugari direlako eta, batez ere, ezagutzen ez ditudalako-, hona beste bat: «bostetatik bat ere ez». Zalantza dut horrelakoxea den ala ezer falta duen, nik beti erabili izan baitut zeregin asko egiteko izanda, lanak hasi gabe daudenean: «Oraindik ez dugu bostetatik bat ere egin». Berdin dio, ordea, zentzu errealean barik zentzu literalean hartuko baitut esamoldea. Bost presidente izan dira, egun dagoena barne, Gobernu espainolean Madrilgo Gorteetarako lehen hauteskundeetatik. Hiru alderditako bost presidente. Bostetatik bat ere ez da prest egon herri honi, bere pluraltasun osoan, entzuteko. Bostetatik batek ere ez dio uko egin euskal abertzaleen aurkako bortizkeriari ez ezik, sektore zabalago baten kontrakoari ere: errepresio gogorrari, estatu terrorismoari, torturari, adierazpen askatasunaren kontrako erasoei...

Jakina, bost presidente dira, baina aginte bera. Helburu nagusi berbera: Espainia bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo