GARA > Idatzia > Ikusmira

Presoen sakabanaketa, ankerkeria hutsa

Ohikoa da kartzeletako giza eskubideen urraketen berri ematea. Oso ohikoa urraketa horiek frantses eta espainiar estatuen espetxe politikaren ondorioz  gertatzea. Jakinarazi berri dutenaren arabera, ia 50 preso politiko aldatu dituzte espetxez azken asteotan, baina ez Euskal Herrira ekarri edo hurbiltzeko, baizik eta sakabanatu eta urruntzeko. Euskal Herriko kartzeletan zeuden bi lagun, ordea, espainiar presondegietara eraman dituzte. Kontaezinak dira bi estatu horietako hainbat espetxetan izandako arazo larriak, presoen osasunean eta, oro har, bizi baldintzetan eragina izan dutenak. Okerrerako eragina.

Ankerkeria funsgabe hori guztia diskurtso ziniko baten aplikazioa da, eta giza eskubideen urraketa argi eta garbia. Izan ere, estatuen arduradunek aitortzen dituzten helburuei dagokienez –presoak elkarren eragin txarretatik babestea, esaterako–, funsgabea da; baina ez da guztiz alferrik izango benetako helburuari dagokionez: presoa suntsitzea. Era horretan baino ezin da ulertu Jose Domingo Aizpurua, minbizia duen presoa, Perpinyako kartzelara, beste preso politikorik ez dagoen espetxera, alegia, eraman izana. Bi estatu horiek iraunarazten duten espetxe politika, edonola aurkeztuta ere, sufrimendua –hala euskal presoena, nola haien senideena– tresna politiko gisa erabiltzea da. Horren gordina, horren salatzeko modukoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo