GARA > Idatzia > Ekonomia

LABek arrantza mundua mobilizatuko du bihar

1995. urtetik hona itsasontzi eta arrantzale kopurua izugarri gutxitu da Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan, %50 hain zuzen, atzo LABek adierazitakoaren arabera. Sindikatuak manifestaziora deitu du bihar Ondarroan, 12.00etan, sektoreak irtenbideen premia duelako.

Nerea GOTI |

LAB sindikatuak manifestazioa deitu du bihar Ondarroan, arrantza sektoreak bizi duen egoera larria salatu eta behar diren irtenbideak eskatzeko.

Zentraleko Arrantza arduradun Leo Belaustegik azaldu zuenez, biharko mobilizazioak lan mardula du atzean. Sektorearen egoerari buruzko diagnostikoa egin ostean, erakunde, estruktura, eta alderdi politikoekin hitz egin du LABek azken hilabeteotan, eta horren haritik, honakoa adierazi zuen: «oro har, bat egiten dugu diagnosian, hau da, sektorea kinka larrian dago eta etorkizun eskasa du».

Errealitatea azaltzeko, labur deskribatu zuen egungo ikuspegi iluna: «baimenak murrizten ari dira, gure arraina gero eta merkeago saltzen da, eta belaunaldi erreleborik ez dago».

«Gure portuetatik buelta bat egitea baino ez dago errealitatea zein den ikusteko», nabarmendu zuen. «Kanpaina hasi berri da, eta antxoa debekatuta dagoenez, berdeletan ari dira baxurakoak, baina portuetan jaso ezinean», argitu zuen.

Egoeraren larritasunaren inguruan adostasun zabala badago ere, horri aurre egiteko hartu beharreko neurrietan sortzen dira desadostasunak. Izan ere, LABek mozioak egin dituen herrietan, jelkideek kontramozioak aurkeztu dituzte. Horregatik, EAJri «arrantzari irtenbiderik eman nahi ez badio, besteei egiten utz diezaietela» eskatu zien.

LABek sektore mahai bat osatzea proposatu du, eragile guztiak biltzeko, arazoak aztertu, eta irtenbideak bilatzeko.

Txutxi Ariznabarreta Komunikazio arduradunak Arrantzaren arazoa kontu sektoriala baino, estrategikoa dela esan zuen. Jarduerarekin lotuta dauden elementuak, besteak beste kultura edo nortasuna nabarmendu zituen. «Elikadura subiranotasuna» ere aipatu zuen, «gure janaria eta kalitatea hankaz gora daudela» azaldu, eta deslokalizazioa salatu zuen. «Hemengo armadoreak itsasontziekin batera lizentziak saltzen ari dira, beste toki batzuetara doaz». Horren aurrean Administrazioari neurriak hartzeko eskatu zion.

Bestalde, Ipar eta Hego Euskal Herrian dauden errealitate ezberdinen aurrean, oreka bilatzeko, baxuran «kofradia nazionala» eskatu zuen, eta ekoizleen erakunde bat, alturarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo