GARA > Idatzia > Kirolak

AUTOMOBILISMOA Formula Student

Etorkizuneko ingeniariek begirada Silverstonen dute

Mundu osoko beste 85 unibertsitateren aurka neurtuko dira auto-prototipoen arteko lehiaketa batean. Hitzordua, uztailean, Ingalaterrako zirkuitu famatuan.

p049_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Bilboko Ingeniaritza Eskolak Formula Student izeneko lehiaketan parte hartuko du datorren uztailean. Ingalaterrako Silverstone zirkuituan mundu osoko 85 unibertsitate batuko dira eta helburua ikasleek hutsetik hasita eraikiko duten goi mailako auto-prototipo bat probatzea izango da. Batez ere, ikasketak osatzeko erabiliko dute esperientzia ikasle euskaldunek.

Aurkezpen ekitaldian aipatu zutenez, lehiaketa ez du auto azkarrenak irabaziko, proba ezberdinetan emaitza onenak lortzen dituenak baizik. Alde horretatik, autoaren azelerazio gaitasuna, erregai kontsumoa, egonkortasuna eta frenatzeko behar duen denbora dira neurtzen diren ezaugarriak.

Lanean dabilen ikasle taldea Carlos Angulo irakasleak zuzentzen du eta azken hiru kurtsoetan dabiltzan 50 bat gaztek osatzen dute. Aipatu zutenez, prototipoarekin batera, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ere frogatu beharra dago. Zehatz esateko, kostuen azterketa bat egin behar da urtero 1.000 auto eginez bakoitza 21.000 eurotik beherako prezioan sal daitekeela ziurtatuz.

Talde guztiek gutxieneko ezaugarri berak dituen motorra hartzen dute, gehienez 600 zentimetro kubiko dituena eta motoziklismo munduan erabiltzen direnen oso antzekoa, eta hortik abiatuta talde bakoitzak hobekuntzak gehituko dizkio prototipoari. Iaz, esaterako, auto irabazlearen motorrak 350 cc zituen eta gehienezko abiadura 120 kilometro ordukoa izan zen gutxi gorabehera.

Proiektua martxan jartzeko, Bilboko eskolak 60.000 euro behar izan ditu, dituzten sei babesleek eskainita: Tecnalia, Ikastek, Telkrom, Tenroj, Sener eta BBK. Horrez gain, ikasleen arabera, beste 30.000 euro beharko dituzte talde osoa Silverstone zirkuitura eramateko.

Epsilon Euskadi

Epsilon Euskadi enpresa autogile euskaldunak atzo ziurtatu zuen aurtengo World Series lehiaketan parte hartuko duten bere bi gidariak Mario Romancini brasildarra eta Alexandre Marsoin frantziarra izango direla. Romancinik 20 urte ditu, Sao Paulokoa da eta azken bi urteetan Formula Renault eta Hegoamerikako Formula 3 lehiaketetan ibili da. Marsoinek, aldiz, 18 urte ditu eta iaz hirugarren amaitu zuen Formula Renault delakoan. Biek Renault FR 3.5 V6 auto berriak gidatzeko aukera izango dute aurten.

Azkenik, gaur aurkeztuko dute Zumaian MKR events taldearen aurtengo denboraldia. Aitor Arakistain eta Txus Jaio dira gidariak eta Seat Leon Supercopa autoa gidatuko dute sei probaz osatuta datorren Espainiako Erresistentzia Kopan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo