GARA > Idatzia > Saskibaloia

ACB LIGA Jardunaldiaren errepasoa

Real Madrilek oso lider sendoa dela erakutsi du Grupo Capitol jipoitu ostean

A. G. | GASTEIZ

Raül López antolatzailearen hutsunerik ez zuen antzeman atzo Real Madrilek, eta 23. jardunaldi honen ostean oso lider sendoa dela erakutsi zuen Joan Plazaren taldeak, egundoko jipoia eman baitzion Valladolideko Grupo Capitoli: 114-80. Alajaina!

Neurketa atsedenaldirako erabakita utzi zuen talde zuriak: 70-36. Jokalaririk azpimarragarriena Felipe Reyes izan zen. 26 puntu erdietsi zituen Kordobako pibotak.

Gainerako neurketen artean, Axa Bartzelona eta Gironako Akasvayuk jokatu zuten derbia izan zen aipagarriena. Bertan, Xavi Pascualenek erraz menperatu zituzten Marc Gasol eta enparauak: 78-58. Acker-ek, Vázquezek eta Grimauk gidatu zuten Bartzelonako taldea garaipenera.

Zortzigarren postua helburu

Akasvayuk Bartzelonan galduagatik, zortzigarren postuan jarraitzen du 12 garaipen lortuta. Hala ere, 10 partida irabazita, egundoko borroka dago Gironakoen atzean. Denek ere, kanporaketetako azken postu hori dute helburu.

Grupo Capitol Valladolidek eta Kalise Gran Canariak ez zuten zorterik izan. Borroka hori hobekien aprobetxatu zuena Polaris World Murtzia izan zen, Las Palmaseko taldeari 80-71 irabazi ostean. Granada, berriz, indarra galtzen ari da. Unicajak, asko kostata, 63-61 irabazi zuen andaluziarren arteko derbian. Santiago eta Ndongen uztaipeko lana ezinbestekoa izan zen Scarioloren taldearentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo