GARA > Idatzia > Pilota

«Enpresa bat garen heinean, bizirauteko lehen gauza diru-iturriak lortzea da»

p053_01_199x116.jpg

Patxi MUTILOA

Aspeko gerentea

Aspek hamar urte bete berri ditu. Hamarkada bateko ibilbide horri buruz galdetuta, Eibarko enpresako gerente Patxi Mutiloak balantze positiboa aurkeztu zion GARAri, batetik kirol arloan gauzak oso ondo joan zaizkielako, eta bestetik, pilota esparru profesional egonkor bat izatera iritsi delako.

Aritz SORZABAL |

Aspek hamar urte bete zituen otsailean. Urtemuga hori baliatuz, iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin genuen Patxi Mutiloarekin.

Aspe sortu zenetik hamarkada bat pasa da dagoeneko. Zein balantze egiten duzu?

Balantze positiboa egiten dugu, eta ez kirol ikuspegitik bakarrik. Arlo honetan, gure pilotariak txapeldunak izan dira. Jende gaztea dugu gure artean, baina epe honetan ere oso gauza garrantzitsua gertatu da: Aspek eta Asegarcek, biek batera, Esku Pilota Enpresen Liga (EPEL) sortu dugu. Hala, urte osorako egutegia finkatzea lortu dugu. Binakakoa lehenengo, Buruz Burukoa ondoren, Udako Txapelketak eta Lau eta Erdikoa urtea amaitzeko. Gainera, araudi bat dugu ezarrita, denboraldi honetan abian jarri dugun dopinaren aurkako araudia tartean.

Hori horrela izanik, gaur egun pilota XX. mende bukaeran baino profesionalagoa dela esan al daiteke?

Oso garrantzitsua izan dira urrats horiek guztiak, pilotariek denboraldia planifikatzeko eta partidak saltzeko. Egonkortasun esparrua lortu dugu, eta hori lorpen handia da. Izan ere, oso zaila baita enpresa batengana joatea eta data finkorik ez duen txapelketa bat babesteko konbentzitzea. Horrenbestez, une honetan esparru profesional bat dugula uste dut. Gainera, beste elementu bat ere badago. Pilotarien eskaera historikoa bideratu zen, gizarte segurantzan egotearena, alegia. Hori 2003. urteko dekretu baten bitartez gauzatu zen. Beraz, esparru egonkor bat dugu, eta horrek lan egitea ahalbidetzen du. Alde horretatik, erronka asko ditugu: esate baterako, pilotari berriekin lan egitea.

Hamar urte, hamar buruhauste. Nola gogoratzen dituzu hasierako hilabete horiek?

Asperen sorrera oso traumatikoa izan zen, epaitegietan bukatu zuen gatazka bat egon baitzen. Asegarcek ETBrekin akordioa sinatuta zuen. Kontua da Titin, Eugi, Lasa, Capellan, Berna eta halako pilotari batzuk bildu genituela, eta ETBrekin akordioa lortu genuela azkenik.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Profesional munduan erreferentziak daudenean, azpiko kirola ere mugitu egiten da normalean. Uste dut, pilota erreferente bat dela. ETBren ikusleek islatzen dute hori: futbola kenduta, pilota da kirol nagusia Euskal Herrian. Etorkizunaz ari garela, beste gogoeta bat ere egin beharra dago, nondik joan behar duen kirol profesionalak eta nondik afizionatuenak; zein eginkizun bete behar duten federazioek, eta gainontzeko eragileek. Gu enpresa bat garen heinean, bizirauteko lehen gauza ditu-iturriak lortzea da. Baina kirol profesionalean, futbolean adibidez, helburu hau bigarren mailara igaro da. Emaitza da garrantzitsuena, eta horregatik dituzte zorrak. Baina guk ez dugu pentsamolde hori, pilota profesionalak kontzeptu industrial bat izan duelako hastapenetik. Lehen helburua errentagarritasuna ziurtatzea izan da betidanik. Hori lortzeko gauzak antolatzen dira, baina, betiere, eredu iraunkor bidez. Izan ere, zorrak edukiz gero, gure gisako enpresek itxi egin beharko lukete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo