GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Honelako urteen patua

Ez dago idatzita, nik dakidanez, baina XX. mendearen bigarren erdiaren historiari begiratzea nahikoa da horrelako zerbait badela konturatzeko. Eta gaurko egunez duela 56 urte estatu kolpea, bigarrena, eman zuen Fulgencio Batistak asmatu zuela maina esango nuke; Batistari edozein dohain uka baitakioke, azkartasuna izan ezik. Estatu Batuetan ezinbestez lehendakaria aldatu behar deneko urteen patua dei geniezaioke. Bestelako urteetan gertatu ezin diren, edota oso nekez gerta daitezkeen gauzak gertatzen direlako munduko leku askotan honelako urteetan.

Usu estatu kolpeak, edo oso antzeko bilaukeria gorenak, izaten dira gertaera horiek. Eta Estatu Batuen oso hurbilekoak (menpekoak esatea zuzenagoa litzateke, gehienetan) diren herrialdeetan gertatzen dira beti. Baina benetako bereizgarria noizkotasunean datza: Etxe Zuriko apopiloa derrigor aldatu beharko deneko urtean jazotzen dira, lato sensu. Batistak berea egin zuenean, oraindik Trumanen erretiratzea ofizialki iragarri gabe zegoen, baina mundu guztiak bazekien ez zela aurkeztu ere egingo. Ondorengo hilabeteetan, Egiptoko koronelek Faruk erregea bota egin zuten, kasinoetan lasaiago saia zedin; eta Nasution koronelak ere berea jo zuen Indonesian, nahi zuena lortu ez bazuen ere.

Inperioaren gorenean laster eta derrigorrez etorriko den, baina auskalo nolakoa izan behar duen administrazio berriari aurrea hartu eta egintza kontsumatuekin aurki dadineko jokamolde honen bigarren oldea, apalxeagoa eta aurrerakoiagoa bederen, 1968koa izan zen, Iraken Baas alderdiak, eta Panaman Torrijosek emandako kolpeekin; ahulduta ageri zen superpotentziaren aginpidetik ihes egiteko saioak biak. 1976koak ere berea utzi zuen, Etxe Zurian aldaketa balizkoa zen arren: Nigerian eta Argentinan eman zituzten estatu kolpeak. Nabarmenena, hala ere, 1980koa izan zen, Surinam eta Liberiako estatu kolpeekin batera, lehen mailako bi jazo baitziren: Turkiako estatu kolpea (NATOren maniobra batzuen mozorropean, gogoratu), eta Irakek Iranen aurka hasi zuen gerra.

Pakistango «estatu kolpe etengabean» ulertu beharreko B. Bhuttoren hilketarekin hasi genuen aurtengoa. Hego Amerikako iparralde osoa sutu dezakeen Uriberen gangarkerien txanda iritsi da orain. Gazako izugarrikeriaren areagotzea ez aipatzearren. Eta etorriko dira gehiago, apustu baietz. Etxe Zuriko apopiloa aldatu behar deneko urtearen patua da: Inperioko deabruak aske aurkitzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo