GARA > Idatzia > Irrati-telebista

«Musikgerrilla», talde alternatiboen berri emateko irratsaioa

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Musikherria diskoetxeak urtebeteko ibilbidearen ondoren egindako balorazioan, «Musikgerrilla» irratsaioa abiaraztea erabaki zuen. Aldaketa asko jasan ditu ekimenak jaio zenetik. Iaz urtebetez Info7n eta Arrosa Sarean aritu ondoren, aurten Hala Bedi irrati arabarrean igortzen dute saioa. Aldaketaren arrazoi nagusia saioak eskatzen duen lana da. Urtebetez antolakuntzan aritu izan zirenek bertan behera utzi zuten arren, proiektuak jarraipena izan zezan Musikherria barruko beste talde batek hartu zuen. Eta hauek ditugu Txona, Imanol, Jonko, Txasko eta Mendibe. Ekimena, hortaz, herrialdetik herrialdera mugitu da, iaz Gipuzkoan baitzegoen eta aurten Araban.

Saioa astelehenero entzun daiteke, 20.00etatik 21.00etara, eta hiru atal desberdin ditu. Lehenik eta behin, elkarrizketaren bat egin ohi dute. Ez soilik Musikherria diskoetxearen barruan lan egiten duten taldeei, baizik eta musika alternatibo osora zabaltzen dute deia: taldeak, ekoiztetxeak edo antolakuntzan diharduten guztiak aintzat hartuta.

Bigarren atal gisa, kultura askea daukate, eta bertan betikoa ez den literatura, antzerkia, musika edo kultura orokorraren berri ematen dute. Azkeneko atala, bestalde, gaurkotasunarekin lotuago dagoena da. Berriak eta agenda ardatz gisa hartuz, taldeen kontzertuak, disko berriak, copyleft-arz informazioa, kolektibo desberdinak antolatutako ekintzak, etab. ezagutarazten dituzte.

Ez da zaila ikustea, saioaren gaia kontuan hartuz, irratiko ekimen honek onura asko ekarri ahal dizkiola Musikherria bezalako egitasmo herritar eta kulturalari, musika sortu, ekoitzi eta argitaratzeaz gainera, zabaltzea baitaukate helburu gisa. Hala ere, Musikgerrillako arduradun den Txaskok onartzen du taldeen arteko lankidetza dela hobetzear geratzen zaien ataletako bat. «Hasi ginenean, mezu elektroniko bat bidali genien taldeei, baina ez dugu erantzun asko jaso; inplikazioa falta da», esan du. Bere buruari egin dion kritikaren oinarria lana gehienbat aldebakarrekoa izatea da, hau da, saioaren arduradunak taldeen atzetik ibili behar izatea eta uste du izan zitekeela taldeek ere saioan parte hartzea. Helburu honetarako, helbide elektroniko bat ireki zuten: musikgerrilla@halabedi.org.

Gertuko erronka gisa, Hala Bediren bidez igortzeaz gainera, Info7ra eta Arrosa Sarera itzultzea dute, hau da, herrialde bakarretik nazio mailara jauzi egitea. Edukien aldetik gauza ez litzateke asko korapilatuko, gaur egun Araba mailan zabaldu arren, Euskal Herri osoko taldeak eta informazioa sartzen baitituzte.

_body_entresaka">

Ikasturte hasieratik ari dira saioa Hala Bedi irratiaren bidez igortzen. Iaz, ordea, Arrosa Sarea eta Info7 irratiaz baliatu ziren eta egoera horretara itzultzea hartu dute helburutzat, Euskal Herri osora zabaltzeko.