GARA > Idatzia > Kultura

Nikaraguako lore banatzailea

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Giocconda Belli idazle nikaraguarra izan dugu Donostian «La eternidad en la palma de la mano» bere azken liburuaren aurkezpena egiten. Emakumetasuna aldarrikatzen duen poeta honek, mundu honetako lehenengo bi pertsonen inguruko liburua aurkeztu digu. Adan eta Eva. Haurtzarorik, esperientziarik eta zilborrik gabeko bi pertsonen munduarekiko lehenengo begirada inuzentea. Eta Evaren ahotsa aukeratu du hori guztia azaltzeko. Adimenez, jakin-minez eta kritikaz, orain arte mututasunean eta erruduntasunean murgilduta bizi izan den lehenengo emakumearen ikuspuntutik. Hau da, emakumeon begietatik. «Las mujeres partimos de esa Eva que ha vivido en el más oscuro silencio. Y sobre todo, culpable del dolor del mundo». Gioccondaren Eva honetaz baliatu nahi nuke, antzerkian emakumearen presentziaz galdera batzuk egiteko. Asko idatzi eta hitz egin da gaiaz eta horrexegatik ez naiz teoria egiten hasiko. Baina antzerkiaren sorreratik, gizonak izan dira mundu honetan protagonismo nagusia izan dutenak. Greziako antzerki klasikotik hasita, egungo panoramaraino. Esan beharrik ez dago ez dela antzerkian bakarrik gertatutako fenomenoa, artean, orokorrean, gertatu izan den gauza baizik. Eta artea gizartearen ispilu bada, non egon da eta non dago emakumea egungo gizartean? Gure antzerkian, zenbatekoa da emakumearen presentzia pertsonaietan, antzezleetan, antzezpena idazteko garaian, zuzendarietan, ekoizleetan... Gizonezkoen mundu batean bizi gara, eta antzerkian ere gauza bera gertatzen da. Baina hara kontraesana. Nola da posible, antzerki ikastaroetan eta ikusleen artean, emakumearen presentzia handiagoa izatea?

Martxoaren 8a baino bi egun lehenago, Euskal Herriko antzerki panoraman jo eta su lanean ari diren bi emakumeren arteko elkarlana estreinatu zen Errenterian. Garbi Losadak eta Maite Agirrek sortutako «Putzuak lehortzen» (edota «Secando charcos de deseo derramado») antzezlana. Aspalditik elkarrekin bizi eta elkar asko maite duten bikote baten inguruko hausnarketa egin da bertan. Bizitzari gauza desberdinak eskatzen eta behar desberdinak izaten, elkar ikaragarri maite duten bikote baten ingurukoa. Eta Gioccondarengana itzuliko naiz. «No existimos por oposición al hombre. Somos diferentes, nada más».

Bere nikaraguar doinu eta ahots lodiarekin, emakumeei zuzendutako poema eder batekin agur esan zigun. Eta egun guztiak emakumearen egun direla gogoraraziz, loreak eskaini zituen munduko emakume guztientzat. Baina emakume batzuez ahaztu zen, antzerkigintzan gogor lanean aritu eta ari diren horietaz. Eta nik, horiei ere, loreak eskaini nahi dizkiet.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo