GARA > Idatzia > Real Sociedad

Partida garrantzitsua liderraren aurka

Eizmendi: «Guk ez dugun abantaila du Numantziak»

Soriakoen aulkian Gonzalo Arkonada izango du parean Ikaztegietakoak «denik eta entrenatzailerik onenetakoa, baina pertsona moduan are hobea»

GARA | DONOSTIA

Liderraren aurka partida garrantzitsu bezain ikusgarria espero du Realak bihar Numantziaren aurka. Igoerarako bidean, lehia honen irabazleak aurrerapauso garrantzitsua egingo luke, baina Soriakoek bederatzi puntuko aldea dutenez, partida gipuzkoarrentzat garrantzitsuagoa dela uste du txuri-urdinen entrenatzaileak.

«Futbola gustuko duen edonorentzat, liderraren aurka jokatzea motibazio handia da beti. Bientzat da partida garrantzi- tsua, baina beraiek badute akatsen bat egiteko aukera. Guk ez daukagu halako abaltailarik, hiru puntuak behar ditugu, horregatik, partida garrantzitsuagoa da guretzat», azaldu zuen.

Sailkapeneko puntuez haratago, partida berezia izango da Eizmendirentzat, Numantziakoen aulkian Gonzalo Arkonada egongo baita, hainbat urtetan Realeko harrobian lagun izan duena. «Ez dut Gonzaloren aurka jokatu behar, Numantziaren aurka jokatuko dugu eta hiru puntuak izango dira nire helburu bakarra. Parean lagun handi bat izango da, baina Numantziaren aurka jokatuko dut, ez Gonzaloren aurka», azaldu zuen Legorretakoak.

Ohi duen moduan, laudorioak besterik ez zituen izan Eizmendik Arkonadari buruz galdetutakoan. «Laguna da, elkarrekin lan egindakoak gara, eta txikitatik ezagutzen dugu elkar. Oso, oso entrenatzaile ona da, langilea eta metodologiaduna; beti dauka gauza berriak ikasteko gogoa eta egunaren hogeita lau orduak futbolean pentsatzen ematen ditu. Nire ustez, entrenatzailerik onenetakoa da. Hau ez diot lagun bezala, objektiboa izanda eta bere lana aztertuta, merezi du gauza horiek guztiak esatea. Baina, hala ere, entrenatzaile baino pertsona hobea da».

Batasun eskaera

Prentsaurrekoa amaitzear zela, kazetari gehienak harritu zituen Eizmendik poltsikotik atera zuen ohar bat irakurtzen hasi zenean. «Berriro ere nabarmendu nahi dut talde honetako kide guztiek, une oro, lanerako agertu duten zintzotasuna, apaltasuna, ardura, gaitasuna eta gogoa. Eta, berriro, eskatu nahi dut guztion elkartasuna, horrela, elkarrekin nahi dugun helburua lortzeko», galdegiten zuen batasun eskaerak.

Hamaikakoaren inguruan ez zuen inolako argibiderik eman nahi izan, eta Victorren zain egongo da. Aurrelariak gaur egingo du azken proba eta gaindituko ez balu, Delibasic montenegroarrak jokatuko luke ezustekorik izan ezean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo