GARA > Idatzia > Kultura

Euskal idazleen elkartearen 28. urtemuga | Txillardegiri eta Piarres Xarritoni gorazarre

Amsterdam eta Euskadi sioux

Txillardegik honelaxe formulatu du auzia «Horretaz» bere azken liburuko azken galderan: «Hegalak dituztelako egiten dute hegan txoriek? Ala hegan egiten dutelako dituzte hegalak?».

p062_f01_333x148.jpg

Markos ZAPIAIN Filosofoa

EIEk Durangon egin zuen atzo urteko bilera nagusia, 25. urtemugarena. Horren aitzakian, Txillardegi eta Piarres Xarriton aitzindariei gorazarre egin zieten Markos Zapianek eta Jean Louis Davantek, hurrenez hurren.

Txillardegik behin eta berriz azpimarratu du ez dela filosofo, baina Filosofiaren Historiari sigi-sagazko ibilbide berezi bat asmatu dio atzekoz aurrera, eta lerro hori euskaldun bati loturiko arazo zehatzen bitartez mintzarazi du, ikuspuntu berri batez. Hogeitaka geltoki leuzkake Txillardegiren Filosofiaren Historiak, baina hemen ez dira agertuko Amsterdamekoak baizik.

Txillardegi hain sakonki hunkitzen duen Unibertsoaren azkengabetasun itzelaz jabetzeko aurreneko urratsak Kopernikar iraultzak emanarazi zizkigun. Iraultza horren adierazpen metafisikoa Amsterdamen ondu zuen Descartesek. Gure iritzi eta sineste asko (errukiaren onura, abertzaletasuna, berdintasun ekonomikoaren egokitasuna...) sendi- giroak sarrarazi dizkigu gogo-bihotzetan, edo koadrilak, hedabideek. Hori dela-eta, ez da txarra, Descartesek aholkatu eta egin legez, jasoriko ideia guzti-guztiak zalantzan jartzea, gutxienez bizitzan behin, are oinarrizkoenak eta eztabaidezinenak iruditzen zaizkigunak, bat-banaka, eta ahal bezain kritikoki aztertzea, nork bere arrazoimena erabiliz. Eta galbahea gainditzen ez dutenak zokoratzea. Txillardegiren sendia ez zen abertzalea. Gerora ere egin izan bide du epojé fenomenologiko bere kasako franko: ordu arte onartutzat eta egiatzat zeukana kako artean zintzilik ipini, poliki-poliki etsaminatu eta lema-kolpe bat eman behar izanez gero abante, deserosotasunak deserosotasun. Ohitura eskasa inolaz ere politikan polito ibiltzeko.

Bestalde, alboko orrialdeko Piarres Xarritonek eta Jose Luis Alvarez ez Enparantzak baizik Santa Cristinak euskaratu ziguten Spinozaren «Etika», euskaraz dugun autolaguntza-libururik onena.

Spinozarentzat Jainkoa Natura bera da, dagoen guztia da Jainko. Txillardegik bat egiten du amsterdamdarrarekin (eta Einsteinekin) Jainko pertsonal epaile transzendentea ukatzeko orduan.

Gainera, Spinozak eta Txillardegik Unibertsoaren xedetasuna ezeztatuko dute, dagoena Adimen Onberaren batek gizakia helburu taxutu duelako ustea. Hori giza proiekzio hutsa duzu. Unibertsoa ez zen gizakiarentzat egin. Spinozak antropokeria teleologiko hori desestali zuen, Txillardegik bere egin duen kritika baten bitartez: guk etxeak eta tunelak helburu batekin egiten ditugunez, suposatu izan dugu Unibertsoak ere baduela Egilea eta helbururen batekin egingo zuela Bere Obra. Txillardegiren ustez, ikuspuntu hori bat dator Jainkoaren trebetasun zintzoa goraipatuko lukeenarekin sudurra emateagatik, gainean betaurrekoak kokatu ahal ditzagun.

Spinozak bezala, Txillardegik ere arazoak izan ditu Espainiarekin. Spinozaren arbasoek Espainiatik alde egin behar izan zuten, juduen zein marranoen aurkako giro itogarri hiltzailetik ihesi. Ordea, Inkisizioak mugetatik kanpo ere zelatari salatariak bidaltzen zituen erbesteratuak kontrolatzera. Miguel Perez de Maltranilla kapitainak 1656an eta Tomas Solano lekaide agustindarrak 1659an txosten bana erakutsi zuten Madrilen, Spinozak Amsterdamen lagunekin zerabiltzan elkarrizketen berri emanez: arimaren hilezkortasuna zalantzan jartzen omen zuen, zeharkatua zuen ateismoaren muga. Maltranillaren eta Solanoren oinordeko atorranteek ere Madrilen bertan erakusten dituzte beren txostenak. Pasio bultzatzaile berdintsuak dituzte, baina paper eta mintzo hutsa beharrean punta-puntako teknologia erabiltzen dute Mortadelok, Filemonek eta TIAko gainerako agenteek.

Amsterdametik Amsterdamerako bidaia hau iritsi da helmugara, Jone Forkadaren altzora. «Hitzez hitz» liburuan, Joxean Agirrek Txillardegiri galdetu dio: «Noiz eta nola ezagutu zenuen Jone?» Erantzuna: «Ezagutu, lehenagotik ezagutzen nuen edo, hobeto esan, ezagutzen genuen, koadrilako bat baino gehiago baitzegoen berarekin gustaturik. Nik izan nuen berarekin ateratzen hasteko zoria, baina hasi eta laster erori nintzen, atxilotu eta Martuteneko kartzela berria estreinatzera eraman ninduten. Han nengoela jakin nuen Jone koadrilako beste batzuekin ateratzen hasi zela, eta kaleratu orduko neska `berreskuratzen' hasi behar izan nuen».

Hemen Txillardegik ezin hobeki pintatu du giza desiraren funtzionamendua, imitaziozkoa ezinbestez. Spinoza eta Txillardegirentzat, desira da gizakiaren funtsa. Baina ez dugu gure kabuz eta bakarka desiratzen. Txillardegik Jone Forkada bezala, soilik desiratuko dugu besteren batek desira duela edo lezakeela sentitzen duguna. Ez dago erabat autonomoa litzatekeen desiratzailerik. Ez dago aurrena bikotea eta gero jelosia piztu lezakeen bestea, hirugarrena, bikoteari kanpotik iristen zaiona: hirugarren hori bikotearen osagai baita berez, bikotea osatzen den unetik beretik edo lehenagotik.

Txillardegi beti ibili da euskal azentuarekin kezkatuta. Orain dela hogeita bost urte Bergaran eman zuen hitzaldi batean gaztelerak eskuarki eskuinetik hasita bigarren silaba azentuatzen duela irakatsi zigun, eta euskarak, ostera, sioux indiarrek bezala, ezkerretik hasita bigarrena.

Sasoi hartan gertaturiko pasadizo hau ere kontatu zigun: sartu dira tabernan bera eta emaztea, eta gizonezko heldu batek zerbitzariari: «Boskálimotxò»; Txillardegik Joneri: «Horratx kutsatu gabeko euskal hiztuna, azentua sioux indiarrek bezala darabilena, eta ez `bóst kalimótxo' inperial okaztagarri hori». Eta Jonek: «Ene bada, aski diagu Jose Luis, berriro ere matraka horrekin, hi bai sioux, hau harria gainean erori zaidana». Bikote filosofikoaren inguruko auzia plazaratzen du elkarrizketa horrek. Txillardegik honelaxe formulatu du auzi hori «Horretaz» bere azken liburuko azken galderan: «Hegalak dituztelako egiten dute hegan txoriek? Ala hegan egiten dutelako dituzte hegalak?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo