GARA > Idatzia > Euskal Herria

Mugimendu abertzalearen jaialdia ostiralean Mugerren

GARA |

«Enbata» astekariak eta Manu Robles-Arangiz fundazioak antolaturik Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen jaialdia ospatuko dute ostiral honetan, martxoak 21, Mugerre-Elizaberrin, Baionatik hamar minutura dagoen herrian.

4+3=1 izena duen jaialdiak Hegoaldeko lau probintziek eta Iparraldeko hirurek nazio bakar bat osatzen dutela aldarrikatzea du helburu, eta Aberri Egunaren asteburuaren karietara antolatu da.

Mugerre-Elizaberriko Ibar Trinketean ospatuko da jaialdia, eta sartzeko bost euro ordaindu beharko da. Arratsaldeko 17.00etan hasiko da, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen hasierari buruzko afitxaz, marrazkiz eta argazkiz osatutako erakusketarekin. Bertan ikusgai izango dira Ricardo Gonzalez Durena eta Frantxua Teillagorryk bildutako 1960, 70 eta 80ko hamarkadetako afitxak, Etxebeltzen marrazkiak eta Jean eta Daniel Velezen argazkiak.

«Sustraiak», Iparraldeko abertzale mugimenduaren sorrerari eta hasierari buruzko liburuaren aurkezpena ere egingo da. «Abertzale izaitea, zer da?» izeneko hitzaldia izango da 18.00etan, Jakes Abeberry, Peio Etcheverry-Ainchart eta Michel Cahen direla hizlari.

Zintzurra bustitzeko eta pintxoak dastatzeko aukera izango da 19.30ean, bertsolarien emanaldiarekin batera, Ricardo Gonzalez Durena eta Felipe Zelaieta ariko baitira kantuan. Gero, 20.30ean, herri afaria egingo da Thierry Biscarry eta Philippe Albor-ek animaturik.

Afariko txartelak martxoaren 19a arte izango dira salgai Baionako Elkar Megadendan eta Donibane Garaziko Kukuxkan. Afalostean, 22.00etan «Abertzale mugimenduaren historian zehar bidaia» izeneko bideo emanaldia izango da.

Rock kontzertuen txanda etorriko da 22.30etik aurrera. Sister Simone and The Holy Balls, Arti eta Willis Drummond taldeek joko dute. Arratsalde osoan pintxoak eta ogitartekoak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo