GARA > Idatzia > Kultura

Mamboaren sortzaile eta kubatar herri musika zabaltzen lagundu zuen Cachao hil da

Israel Lopez «Cachao» kontrabaxuak, ekarpen ugari egin zizkion musikari, horien artean munduko bazter askotan dantzatzen den erritmoa asmatu izana, mamboa, hain zuzen. Larunbatetan hil zen 89 urterekin.

p057_f01_.jpg

GARA | MIAMI

Joan den larunbatean Miamin hil zen Israel Lopez 1918. urtean jaio zen La Habanan. Cachao edo «Mamboaren erregea» izenaz zen ezaguna, eta 89 urte zituela zendu zen.

Musika txiki-txikitatik bizi izan zuen Cachaok, gurasoak kontrabaxu irakasle zituen, eta 8 urterekin hasi zen bongoak jotzen Bella Mar izeneko taldean. Perkusioarekin hasi bazen ere, segituan ekin zion pianoa eta baxua jotzen ikasteari. Kubako Guanabacoa herriko Carral antzokian film mutuei musika jartzen zien Cachaok, eta 12 urterekin La Habanako Orkestra Filarmonikoan hasi zen kontrabaxu gisa. Bere anaia nagusia, Orestes, eta bere aita ere orkestra berean aritzen ziren.

Garai hartan hasi zen musikaria hain justu, musika klasikoaren eta herrikoaren inguruan lan egiten. Arratsaldez, klasikoen musika jotzen zuen, eta gauez aldiz, jam sessionsetan aritzen zen. Orkestra Filarmonikoan 30 urtez jo zuen kontrabaxua, nahiz eta ez zuen inoiz ere alboratu horren gustuko zituen Kubako herri doinuak.

Danzon erritmoa aldatuz

1937. urtean Cachaok eta bere anaia Orestesek danzon izeneko erritmoa aldatu, eta mambo erritmo ospetsua sortu zuten. Mamboa -locumi dialektoan historia esangura du-, Kubako musikan adierazgarri egin zen berehala.

Geroago egin zen ospetsu hala ere, erritmo berri hura, hain justu 50eko hamarkadan Damaso Perez Prado musikariak zabaldu zuenean. 1962an Kuba utzi zuen musikariak eta Estatu espainiarrera joan zen lehenik. Bertan kabaretetan eta dantzalekuetan jotzen aritu zen, eta Estatu Batuetara joan zen ondoren.

New Yorken bizi izan zen lehenik, eta 1970ean Las Vegasera joan zen, eta 8 urte egin zituen han. 1978an Miamin finkatu zen eta bertako Sinfonikoan ere aritu zen. Han zarzuelak eta operak jotzen bazituen ere, ez zituen horren gustuko zituen jam sessionsak baztertu.

90eko hamarkadako lehen urteetan, Kubako Andy García aktoreak Cachaoren irudia zabaltzen lagunduko zuen dokumentala egin zuen. Lanak «Cachao, como su ritmo no hay dos» (1993) izena du eta musikari beteranoa ezagunago egiten lagundu zuen. Izan ere, 50 urtez lanean aritu bazen ere, ordura arte ez zen oso ezaguna.

1995. urteko martxoan, musika munduak bere lana aitortu zuen azkenik, eta Grammy bat eskuratu zuen «Master Sessions» izeneko diskoarengatik Disko Latino Hobenari sailean. Aipatu lana bere ibilbidearen inguruko trilogiaren lehena izan zen. 2005ean beste Grammy bat eman zioten «Ahora si» diskoarengatik.

Lan asko egindako musikaria izan zen Cachao; gutxienez 3.000 abestien konposizio lanetan aritu zen, eta bere diskografia ezinbestekoa da salsaren historia ezagutzeko.«Cachao y su ritmo caliente», «Jam Session with feeling» edo «Descargas cubanas» dira bere lan esanguratsuenetariko batzuk.

Musika kubatarraren doinu herrikoietan nagusi izateak Paquito D'Rivera, Pérez Prado, Nestor Torres edo Nelson González en mailako musikariekin lan egiteko aukera eman zion. Bere lana, esate baterako, Gloria Estefanen «Mi tierra» disko arrakastatsuan ageri da. Baita Fernando Trueba zuzendari espainolaren «Two Much» filmean ere.

2006ko apirilean, James Knight Center Miamiko auditorium ezagunean jo zuen 5.000 pertsonaren aurrean Generoso Jiménez tronboi jole kubatarraren eta Alfredo «Chocolate» Almenteros tronpetariarekin batera. Kontzertua Andy Garcia aktoreak antolatu zuen.

2007an gainera, Fama saria jaso zuen bere ibilbide guztiarengatik eta musika latinoari egindako ekarpenarengatik. Fama saria izen bereko aldizkari estatubatuarrak ematen du.

Orain bost bat urte, Cachaok, bere burua nola ikusten zuen argitu zuen elkarrizketa batean, eta hauxe esan zuen: «Musika kubatarreko sustraiei eusteko lan egin duen musikaritzat dut neure burua».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo