GARA > Idatzia > Txirrindularitza

54. Udaberri Klasika

Zornotzako Klasikak azkenduko du astea

Euskal Herriko errepideek aste osoko goi mailako txirrindularitzari agur esan beharko diote gaur; Udaberri Klasikan, 120 txirrindulari arituko dira lehian Joaquín Rodríguezen lekukoa eskuratu nahian.

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Apirila goi mailako txirrindularitzaren sinonimoa da. Ez bakarrik Europako Iparraldean, Euskal Herriako zaleek ere gertutik sentitu baitezakete, aste osoz. Txirrindularitza aste horren bukaera, ohi bezala, gaur helduko da, Zornotzako Udaberri Klasikaren 54. edizioarekin.

Infernuan harbideari aurre egin beharko diote, eta hemen, berriz, tradizioari eutsiko diote, Muniketa (2. mailakoa) eta Autzagane (3.ekoa) mendateak lasterketaren epaile bihurtuz. Hiru aldiz igoko dituzte txirrindulariek, 171,6 kilometroko ibilbidean zehar; azkena, helmugatik lau kilometro besterik ez direnean. Aurreko edizioetan baino gehiago, hala ere, obrak direla- eta Nafarroa kalean amaituko baita aurten lasterketa. Horren ondorioz, ibilbideak kilometro bat gehiago izango du eta, horrekin batera, beharbada, amaiera desberdina izan daiteke, Autzaganeko azken igoeran ihes eginez gero, abantaila handiagoa izan baitaiteke beharrezkoa, Zornotzara txirrindulari bakarra edo talde txiki bat heltzeko.

Horrela gertatu zen iaz, Alejandro Valverdek eta Joaquin Rodríguezek Autzaganen aurrera egin zutenean, biak helmugara eskutik heltzeko, garaipena Rodríguezentzat izan bazen ere.

Kataluniako txirrindulariak ez du taldekideari mesedea itzultzeko aukerarik, azkenean ez baitu gaur parte hartuko.

Zerrenda, hala ere, luzea eta ederra izango da, 15 talde -zazpi Protourrekoak- eta 120 txirrindulari irtengo dira, 9.15ean Nafarroa kaletik, eta lau ordu geroago bueltatu. Hauen artean, Alejandro Valverde bera (2003an eta 2004an irabazi zuen), Igor Antón, Mikel Astarloza, Beñat Intxausti zornotzarra, Carlos Sastre (2006ko irabazlea) eta Schleck anaiak, Damiano Cunego, Michael Albasini eta Kjell Carlström.

Paris - Roubaix

Parte-hartzaile zerrenda ikusgarria du, nola ez, Paris-Roubaixek. Iparraldeko Infernuaren gogortasunak, txirrindulariak beldurtu beharrean, motibatu egiten ditu. Nork ez luke Roubaixeko Belodromoan besoak altxatuta heldu nahi, bizitzan behin baino ez bada ere?

Asmo horrekin, 200 txirrindulari bilduko dira Compiègnen, aurretik ikuspegi izugarria dutela: 260 kilometro, eta, hauen artean, 53 kilometrotan harbidea, 30 zatitan banatuta. Luzeenak, Viesly eta Hornaing-Wandigniesekoa (3.700 metro bakoitzak); famatuena, Arenbergekoa (helmugatik 96 kilometrora egon arren, faboritoen benetako egoera aztertzeko balio omen du); eta azkena, berriz, Roubaixen bertan, Belodromoaren atarian.

Ordurako faborito gutxi geratuko dira -bakarra, behar bada-. 24 ordu lehenago, berriz, ugari. Hasteko, azken edizioetako irabazleak, Stuart O'Grady (2007), Fabian Cancellara (2006), Tom Boonen (2005) eta Magnus Backstedt (2004). Beraiekin batera, Stijn Devolder, Nick Nuyens eta Juan Antonio Flecha (Flandeseko Tourreko podiuma), Alessandro Ballan, Filippo Pozzato, Steven de Jongh eta George Hincapie. Baita euskaldunak ere, Euskaltel osoa (Agirre, Albizuri, Aperribai, Aramendia, Fernández de Larrea, Irizar, Oroz eta Alan Pérez), Horrillo, Gaztañaga, Erbiti eta Txente García.

Alentejo

Atzo, bestetik, Alentejoko Itzuliaren laugarren etapa lehiatu zuten. Bruno Piresek (MSS) eskuratu zuen garaipena, Fluviario de Mora eta Sera Mamederen arteko 183 kilometroak bete eta gero. Atzetik, pelotoia, guztiz apurtuta heldu zen.

Hector Guerra (Liberty) hirugarren postuan helmugaratu zen eta, horri esker, lidergoari eutsi zion. Abantaila, berriz, ez zuen handitu, David Blanco (Palmeiras) berarekin batera heldu baitzen eta, ondorioz, bederatzi segundora dago sailkapen orokorrean.

Alentejoko Itzulia gaur amaituko da, Evora-Evora etaparekin (186'2 kms).

Profrondre Van Drenthe

Holandan lehiatutako Profronde Van Drenthe lasterketa ere, ihesaldi bidez irabazi zuten . Oraingo honetan, Rabobankeko Coen Vermeltfoort gazteak alde egin zuen zirkuituaren azken itzulian, eta minututik gorako abantailaz helmugaratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo