GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Biarritzek uste baino errazago irabazi du euskal derbia

Zuri-gorriek ez zuten aparteko neurketarik egin, baina Avironek ez zuen inongo arriskurik sortu, eta gauzak asko erraztu zizkion etxeko taldeari

p054_f02.jpg

BIARRITZ 20

AVIRON 0

Jon LEUNDA | BAIONA

Biarritzek uste baino errazago bereganatu zuen atzo Agilera estadioan jokatu zen euskal derbia. Norgehiagoka ez zen ikusgarria izan, baina etxekoak gehiago izan ziren, eta ongi merezitako garaipena erdietsi ahal izan zuten.

Euskaldunen arteko demak bi zati ezberdin izan zituen. Lehen berrogei minutuetan oreka izan zen nagusi zelaian, eta partida ere aspergarria izan zen. Bi taldeek elkarri errespetu handia erakusten zioten, eta entsegu marratik oso aparte ibili ziren, nahiz eta kontraerasoan, hiriburukoek aukera pare bat izan zituzten entsegua egiteko.

Hori bai, zuri-gorriak ziren etxean jokatzen ari zirenak, eta presioa haiena zen. Baloiaren jabetza beraiena zen, baina arrisku gutxi sortzen zuten, baionarrak lan ona egiten ari baitziren, aurrelarietatik hasita.

Markagailua mugitu ere egin gabe atseden hartzera joango zirela ematen zuenean, Dimitri Yachvilik mugitu zuen markagailua, drop bati esker, 3-0 aitzineratu zituen etxekoak lehen zatiko azkeneko jokaldian, eta emaitza horrekin joan ziren aldageletara.

Erabateko aldaketa

Avironek etxetik kanpo jokatzen duen gehienetan egin duen moduan, atzo ere bigarren zatian behera egin zuen, batez ere azkeneko minutuetan.

Zuri-gorriak indartsu zelairatu ziren, eta laugarren minutuan Thierry etxekoen lehen entsegua egin zuen, baina, ondoren, ostikoarekin Yachvilik ez zuen asmatu, eta markagailua 8-0 geratu zen.

Hortik aurrera, Aviron berriro ere zelaian ongi kokatu zen, eta presioa eginez, etxekoei ez zieten beren jokoa egiten uzten, baina ia ez zuten zelai erdia gainditzen, eta horrela ezin ezer gehiengo egin. Biarritzek bere aukera nahi zuen, garaipenaz gain lau entsegu egin nahi zituen, puntu gehigarria lortu ahal izateko, eta hori gauzatu ez bazen ere, ez zuen aparte izan.

Neurketa amaitzeko bost minutu falta zirela, Brusquek etxekoen bigarren entsegua egin zuen, eta partida ia erabakita utzi zuen, baina zuri-gorriek gehiago nahi zuten, eta beste entsegu baten bila abiatu ziren, eta hori azkeneko minutuan heldu zen Ngwenyari esker. Oraingoan ostikoarekin Yachvilik ez zuen hutsik egin, eta partida erabakita geratu zen.

Amaieran puntuak etxean geratu ziren, eta Biarritzek borrokan jarraitu beharko du lehen lau postuetan sartu ahal izateko. Avironek, berriro ere etxetik kanpo dituen gabeziak erakutsi zituen, eta bigarren zatian berriro ere sekulako beherakada izan zuen.

 

Irabazi arren, zuri-gorriek laugarren postutik kanpo jarraituko dute

Biarritzek atzo garaipena eskuratu arren, laugarren postutik kanpo jarraituko du, finalerdiak jokatzeko postuetatik at, alegia, izan ere, bosgarren baitago. Atzo Perpinyak irabazi egin zuen, eta kataluniarrak puntu bat kentzen die euskaldunei.

Avironek galdu egin zuen, baina jaitsiera postuak hamaika puntutara ditu. Hala ere lanean jarraitu beharra izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo