GARA > Idatzia > Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Desafioa

Izeta II.ak eta Irigoienek apustua egitea lortu dute

Errezildar eta aiarrak irailaren 28an jokatuko dute Tolosako zezen-plazan, 137,5 kiloko harri kubikoarekin

p058_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Aimar Irigoienek eta Joxerramon Iruretagoiena «Izeta II.»ak lortu zuten atzo akordioa, eta azkenean zale guztiek itxaroten zuten apustua jokatzeko moduan izango dira. Aiarra eta errezildarra irailaren 28an neurtuko dira, Tolosako zezen-plazan. 137,5 kiloko harri kubikoa erabiliko dute, eta lanerako hamar minutuko hiru txanda izango dituzte. Alde bakoitzak 20.000 euro jokatuko ditu dirutan.

Izeta II.a izan zen desafioa bota zuen lehenengoa. Aiarrak edozeini egin zion apusturako deia. Berak 125 kiloko harri kubikoarekin jokatuko zuela esan zuen, eta lanerako hamar minutuko hiru txanda eskatu zituen. Dirutan, berriz, 10.000 euro jokatzeko prest agertu zen.

Handik astebetera, errezildarrak bota zuen desafioa, baina zuzenean Izetari bota zion. Izetak botatakoarekin, lanerako iraupenarekin bakarrik egiten zuen bat, bai harria, eta jokatu nahi zuen diruak ez zetorrelako aiarrak egindakoarekin bat.

Aimarrek 150 kiloko harri kubikoarekin jokatu nahi zuen, eta dirutan 30.000 euro jokatu nahi zituen. Irigoienek azaroaren erditik urteko azkeneko egunera bitarteko tarte horretan jokatu nahi zuen. Beraz, bien arteko ezberdintasunak nabariak ziren. Atzoko zuten Kantabriko tabernan, Tolosan, hitz egin eta apustua zehazteko hitzordua.

Ikusmina ikusgarria izan zen, zale eta komunikabide ugari batu baitziren hara. Zaleek apustua gauzatzen ikusi nahi zuten, baina adostasun gutxi zegoen ordura arte, eta zalantza asko zegoen, ea azkenean gauzatuko zenetz. Azkenean bat egin zuten bi aldeek, eta apustua jokatu egingo da.

Bilera luzea

Aurretik iragarrita zegoen, apustua egitea ez zela gauza erraza izango, eta izan ere, halaxe izan zen: ia bi orduko bilera egin zuten. Azkenean bi aldeak hasierako asmoa aldatu, eta erdibidea topatu behar izan zuten. Halaxe egin zuten, eta dudarik gabe, zaleek eskertuko diete, apustu hau ikusteko irrikan baitzaude.

Hasieran zituzten asmoetatik denbora baino ez dute errespetatuko, horretan biak baitzetozen bat. Harrian 25 kiloko aldea zegoen, eta, azkenean, erdibidera jo zuten, batak kiloak jaitsi, eta besteak igo. Diruarekin ere, Izetak 10.000 euro gehitu behar izan zituen, eta Irigoienek, berriz, diru kopuru bera gutxitu. Jokatzeko datarekin ere akordioa lortu behar izan zuten.

Azkenean, bi kirolariak konforme geratu ziren akordioarekin: «Bilera luzea izan da, baina akordioa lortu dugu, nahiz eta ez den erraza izan», esan zuen Izetak: «Egindako apustuarekin konforme nago. Orain hau prestatu beharra dago, eta eguna heltzen denean jendeari ikuskizun eder bat eman beharko dugu», erantsi zuen.

Aimar ere gustura agertu zen egindakoarekin. «Gustura nago apustua egin ahal izan dugulako. Desafioa lotu ahal izateko aukera bakarra zegoen, eta azkenean adostu dugu», esan zuen errezildarrak. Hori bai, prestaketa lanetarako, denbora justu samar duela esan zuen: «Guk geroxeago jokatu nahi genuen, baina irailean izango da; nik prestatzeko denbora gehiago nahiago banuen ere, saiatuko naiz ahalik eta gehien prestatzen», esan zuen. Kontuak kontu, zaleak pozez gainezka daude, eguna heltzeko irrikan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo