GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Lehiaketa

Larretxeak eta Lópezek Azpeitiko finalerako txartela izango dute jokoan

p043_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkoraren bigarren finalerdia jokatuko da etzi Legution, 12.30etik aitzina. Bertan, Donato Larretxeak eta Juanjo Lópezek elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak. Irabazleak, datorren larunbat gauean jokatuko du finala Azpeitian Floren Nazabalen aurka.

Larretxea da faborito. Bere multzoan lehenengoa izango da, finalerdietako ligaxkan Olasagasti eta Arria V.a mendean hartu ostean. Hasieratik zegoen txapela irabazteko faboritoen artean, eta ezuste handia izango litzateke denentzat bera finaletik at geratzea.

Lópezek bere helburu nagusia lortu du finalerdietan sartuta. Hasieran ez zen finalerdi hauetan izateko faboritoen artean agertzen, baina Lezaungoak hori lortu du. Egia da, bestalde, Arrospidek min hartuta zegoelako ligaxkari uko egin behar izateak mesede egin diola, baina honaino iritsi bada, merezimendu osoarekin iritsi da.

Ez dauka galtzeko ezer, eta hori berak ere badaki eta, beraz, ezustea ematen saiatuko da. Hala ere, lan hauek oso aproposak dira Donatorentzat, eta oso zaila izango du hura mendean hartzea. Larretxeak, gainera, finalerako txartela lortuko balu, Binakakoan gertatu zen bezalaxe, semearekin egingo luke topo finalean, izan ere, 18 urtetik beherakoen lehiaketako azken saioarako txartela lortua baitu Donatoren semeak, eta final guztiak egun berean eta leku berean izango dira. Etzi Legution, lehiaketa honetako zazpigarren postua ere erabakiko da, eta han izango dira lehian Vicente eta Rekondo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo