GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bertsotan aritzeak onura ugari du ikasleengan: oroimenean, sormenean...

Irakaskuntzaren xedea bizitzarako prestatzea bada, bertsolaritzak anitz laguntzen du. Mikel Mendizabal horretaz ziur dago. Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako finala jokatu da Iruran eta bertsotan aritzeak gazteengan duen eraginaz galdetu diogu koordinatzaileari.

Maider IANTZI

Bertsolaritza hagitz baliabide garrantzitsua da ikasleen gaitasunak lantzeko, batez ere ahozko gaitasunak», baieztatu du Mikel Mendizabalek. Gaztetxoak hizketan trebatzen dira, oroimenarekin lan egiten dute, sormenarekin ere bai, hiztegiarekin... Hizkuntzarekin, azken batean. Gainera, bertsotan aritzean gaiak aztertu eta rol desberdinak hartzen dituzte. «Gaur egun, ondo komunikatzeak garrantzi handia du bizitzan, baita jendaurreko trebeziak ere, sormenak, irudimenak, oroimenak. Inprobisazio ezagutza horiek garrantzitsuak dira eta hori azpimarratzen da batez ere bertsolaritzaren baliabide bezala irakaskuntza arloan», azaldu du.

Neska-mutilek bertsolaritzaren fenomeno kulturalaren eta ondarearen gutxieneko ezagutza jasotzea dute erronka, hasi bigarren edo hirugarren mailatik eta hamasei urte arte, derrigorrezko hezkuntza bukatu bitartean. Bertze nahi bat ere badute: bertsolaritzak eskaintzen dituen baliabideak irakaskuntzan aprobetxatzea. Horretarako, zenbait ikasmaterial argitaratzen ari dira. Esate baterako, Txanela eta Ostadar proiektuetan ari da lanean Ikastolen Elkartea, gaitasun eta baliabide hauek txertatzen. Txanela ikasmaterialaren berrikuntza egitasmoa da, hasi lehendabiziko mailatik eta seigarreneraino egindakoa. Ikasmaterial horietan mailaz maila bertako gaiekin lotuta bertsolaritzak bere tartea du. Lehendik ere bazegoen proiektu hau eta aurtengo ikasturtean bukatu dute berrikuntza. Ostadar DBHrako garatutako proiektua da eta aurreko urteetatik osatua dago. Mendizabalek adierazi duenez, denborarekin berriz ere berritu eta egokitu beharko dituzte, baina proiektuak osatuta daude.

Bertsozale Elkarteak ere eskaintzen ditu zerbitzuak irakaskuntzan, ikasleei eskolak emanez, ikasmateriala sortuz... Bertso eskolen egituraketa, ikasmaterialak eta antolaketa gauzatzen ari dira pixkanaka.

«Ikusi beharko da curriculuma martxan jarri eta garatzen denean bertsolaritzak zein presentzia duen eta lanketa hori nola bideratzen den. Curriculumaren barruan garrantzi hori nabarmendu dugu eta hizkuntza arlotik eta beste gai batzuen inguruan ere bideratzen ari gara pixka bat, betiere ikasleek gutxieneko ezagutza behar dutela eta bertsolaritzak eskaintzen dituen baliabideak irakaskuntzan aprobetxatu behar direla nabarmenduz», azaldu du.

«Gazteek ezagutza handiagoa dute»

Eskolarteko Bertsolari Txapelketako koordinatzaileak urteak aitzinera joan ahala aldaketak sumatu ditu ikasleengan. Beharbada, ezagutza gehiago dutela erran du, bai bertsolaritzaz orokorrean bai bertsoak osatzeko. Gainera, gero eta jende gehiago animatzen da; urtero udaberrian egiten den lehiaketa hau normaltasunez hartzen dute eta parte-hartzea bide onetik doa. Irakaskuntza arlotik hurrengo pausoa bertso eskolara salto egitea da. Ikastorduetatik kanpo, astean behin egiten den ekimena da bertso eskolarena eta zaletasuna dutenek eta gaitasuna azaltzen dutenek ematen dute izena, Mikel Mendizabalek azaldu duenez. Eskola hauen sarea eta egitura asko antolatu eta indartu dela jakinarazi du. Urte osoko lana fruituak ematen ari dela ikusten du: 11-12 urteko neska-mutilak orain dela hogei urte baino prestatuago daude.

Ikasleek bi arlotan hartzen dute parte Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan. Batetik, bertso-paperetan 900 neska-mutil inguru dabiltza urteotan. Bat-bateko lanetan, 14 urte artekoak taldeka aritzen dira; aurten lau laguneko 12 talde aritu dira. 15 urtetik gorakoek banaka jarduten dute eta aurten 27 lagun izan dira. Lehiaketa Kilometroak-en barruan egiten da azken urteetan. Hala, ikastolen aldeko jaia egiten den herrian izaten da finala. Atzo Iruran izan zen, bertako ikastolak antolatzen baitu Kilometroak.

Gaur Ipar Euskal Herriko Eskolarteko Xapelgoa jokatuko dute helduek Itsasun, eta haurrak ostiralean arituko dira Biarritzen. Bertso Eskolen Egunaren barruan, umeen txapelketa izango da gaur Larraintzarren eta helduek Iruñean abestuko dute ostegunean. Bizkaian, egun berean izango da finala Bilbon eta Araban, ekainaren 7an Armentian. Euskal Herriko finala ekainaren 21ean jokatuko dute Altsasun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo