GARA > Idatzia > Kultura

Juan Ramón Makusok argitara eman duen liburu berria «saiakera poetiko-literario-filosofikoa» da

«Pentsatzeko eta existitzeko gonbita» dakar Juan Ramón Makusok esku artean. «Oraina galdua» liburua kaleratu berri du, Ereinen bitartez. Finean, «saiakera poetiko-literario-filosofikoa» dela argitu du autoreak.

p042_f02_147x100.jpg

I.AULESTIARTE | DONOSTIA

Aurretik bi poesia liburu kaleratuta zituen Juan Ramón Makusok (Errenteria, 1961), eta orain plazaratu berri duen liburuak badu poesiatik, baina filosofiatik gertuago dagoela aitortu du Erein argitaletxeko Iñaki Aldekoa editoreak.

Nolanahi ere, Makusok berak hauxe argitu du: «Hau ez da saiakera filosofiko klasiko bat, nik esango nuke saiakera poetiko-literario-filosofiko bat dela. Lagunarteko gogoetak egiteko modukoa». Hain zuzen ere, «Oraina galdua (Solasaldi platonikoa)» liburuan «pentsamenduaren gorazarre handia» egin nahi izan du idazleak.

«Orainean kokatua naiz. Bestela ezinezkoa zait ni izatea. Eta orainak badu bere presentzia erreala», azaldu du egun Lezon bizi den Filosofiako irakasleak. Aurkezpenean aipatu bezala, «nire liburuan pentsamendu narratu bat zabaltzen saiatu naiz denboraren inguruan, eta denbora, Parmenidesen zentzuan: izatetik abiatzen naiz, izate hau, ni, erreal bakarra delarik». Haren aburuz, alegia, «istanta baita izatearen erreinua, iragana ez da eta etorkizuna ere ez, istantaren erreinutik begiratuta behintzat».

Eta, aitzitik, «paradoxa ikaragarri batekin bizitzera ohitu» garela dio; «edo behintzat gizakiak eta bere historiak hori erakusten du: geroari lehentasuna eman diogu, benetakoa ordezkatuz», gaineratu du Makusok.

Idazlearen argitalpen berriak lau atal ditu; atal ezberdinak, bertan bi urteotan ereindako gogoeta ezberdinak azaltzen direlako. Hala, hasierako pasarteak irakurleari «gonbita poetiko» bat egiten dio gaian murgil dadin. Eta bigarren atala da orotan filosofikoena: «Editoreak ongi islatu du -dio Makusok- azpitituluan solasaldi platoniko baten aurrean gaudela. Solasaldi patxadatsua, hausnarketarako gonbita da». Nolanahi ere, zalantzak argitze aldera, liburuan «sententzia itxirik» ez dagoela nabarmendu du autoreak: «Bakoitzak berea egin dezan lortu nahiko nuke. Saiatu naiz aldentzen pedantekeriaren altzotik. Hemen norberak bere ikasgaiak ditu, beste inork jarri gabe».

Giza lengoaiaren garrantziaz

Finean, uste du «gizakiaren benetako independentzia bera eta bere errealitatearekin bat egiten duenean gauzatzen» dela: «Eta horretarako, eta hau nabarmentzen dut liburuan, gizakiok tresna ezin hobea daukagu, lengoaia, giza lengoaia. Eta honekin batera poesiaren erreinua».

Felipe Juaristi idazleak esan du «pozik» irakurtzen dela Makusoren liburua, eta honen izaera pedagogikoa ere nabarmendu du, hainbat gauza erakusten baititu; «leihoak zabalduz».

«GONBIDAPENA»

«Solasaldi patxadatsua da, hausnarketarako gonbita. Sententzia itxirik gabe. Bakoitzak berea egin dezan lortu nahiko nuke. Saiatu naiz pedantekeriatik aldentzen. Norberak bere ikasgaiak ditu, beste inork jarri gabe».

Fitxa

Izenburua: «Oraina galdua».

Autorea: Juan Ramón Makuso.

Argitaletxea: Erein.

Saila: Bakanak.

Orrialde kopurua: 84.

Salneurria: 15 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo