GARA > Idatzia > Editoriala

«Maltzurkeria eta mendekua» Hernanin

Marian Beitialarrangoitia Fernando Grande Marlaska epailearen aurretik igaro zen atzo. Maiatzean Igor Porturen kasuaren harira torturatuak maite zituela esateagatik Garzónen aurretik pasa ondoren, Auzitegi Nazionaletik pasa behar izan zuen bigarren aldiz atzo. Oraingoan, deklaratzera deitzeko aitzakia Jose Manuel Ariztimuño «Pana»ren omenez 1982. urtean garai hartako Hernaniko Udalak onartutako neurria zen: Poliziak eraildako gazte horren omenez herriko parke bati bere izena jartzeagatik deklaratu behar izan du gaur egun Hernaniko alkate denak.

Beste behin ere «Dignidad y Justicia» taldea izan da Euskal Herriko agintari baten kontrako neurriak bultzatu dituena. Oraingo honetan, gainera, fiskaltza neurriekin bat ez zetorrela aipatu behar da, ez baitzuen ikusten Beitialarrangoitiak deliturik egin duenik. Hala ere, Marlaskak talde ultraeskuindar horren bertsioa ontzat hartu zuen eta Hernaniko alkatea deklaratzera deitu zuen. Azkenean, alkatea «bakean» utzi du, baina bere herriko kaleen izenak aldatzeko agindu dio.

Izugarria da biktimen taldeek Estatu espainolean lortu duten boterea. Mundu osoan zehar, bai adituek eta baita biktima taldeek ere, argi dute beren helburua ez dela, ezin dela, politikan eragitea izan. Estatu espainolaren kasuan, ordea, talde horiek lobby politikoa dira, edozein politika aurrera atera ahal izateko alderdi politikoek ere kontuan izan behar duten presio-taldea osatzen dute, beto eskubide eta guzti. Gainera, biktima kontzeptuarekin egiten duten bezalaxe, beste kontzeptu guztiekin ere berdin jokatzen dute, hitzen esanahia erabat perbertituz. Hartara, «duintasuna» esaten dutenean «maltzurkeria» esan nahi dute eta «justizia» hitza «mendeku» hitzaren sinonimo da beraientzat. Nolanahi ere, hori baino askoz tamalgarriagoa da hemengo agintari zenbaitek talde horiek omentzea eta euskal herritarrak -agintari horiek barne- iraindu eta makurrarazi ditzaten ordaintzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo