GARA > Idatzia > Euskal Herria

Curriculuma eskola publiko berriaren oinarria da Sortzen-Ikasbatuazentzat

Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak larunbatean Euskal Curriculumaren nazio batzarrera joateko deia egin die guraso, ikasle, irakasle eta langileei, ekitaldia inflexio puntu garrantzitsua izanen dela deritzolako. Curriculuma eskola publiko berriaren oinarri sendoa da beraientzat.

p021_f02_148x108.jpg

Maider IANTZI |

Euskal Curriculumak etorkizuneko eskola eta herria definitzen ditu, eta ez dauka jaberik herri osoa ez bada. Hala adierazi zuten atzo Sortzen-Ikasbatuaz eskola eta ikastola publikoen elkarteko ordezkariek Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Andoni Ilarizek, Aitziber Martinez de Lagosek eta Mila Apezetxeak ikuspegi hori indartu nahi izan zuten. Beren ustez, curriculuma berau aplikatzeko gogoa duen eta beharrezkoa ikusten duen edozein ikastetxe zein herri eragilerena da, eta, horregatik, ezinbestekoa da proiektuaren ardura herri osoak hartzea ondorengo urratsak adostu eta emateko.

Bide horretan, eskola publikoaren garrantzia aldarrikatu zuten. Alde batetik, eskola publikoetan «ezinbestekoa» dutelako Euskal Curriculuma, eta, bestetik, egitasmo hau «ezin daitekeelako eraiki eskola publikoen sarearen parte-hartzerik gabe». Bost urteotan eremu honetan curriculuma landu zedin ahalegin guztiak egin dituztela esan zuten.

Baldintzak sortzen aritu dira

Ikasturte honetan, planteamendu pedagogikoa azaldu dute hainbat eskola publikotan. Lan horren iparra ikastetxeetan ados jarri, eta egitasmoa aplikatzeko baldintzak sortzea izan da. Eta, egiteke gelditu zaien lana handia dela jakin arren, curriculumari eskola publikoetan oinarri sendo bat paratu diotela uste dute. Aurrera begira, beren konpromisoa berretsi nahi izan zuten, urratsak egiteko eta herri eragileekin curriculuma aplikatzeko herri estrategia adosteko. Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko kideen iritziz, prozesu oso bat abiarazi behar da egitasmoa eskolaratzeko.

Prozesu horri hasiera emateko hausnarketa bat egiteko asmoa dute ikasturte bukaera honetan. Hauexek dira aztertuko dituzten arlo batzuk: Euskal Curriculuma aplikatzeko bitarteko nagusiak non kokatzen dituzten pentsatuko dute, baita beste hezkuntza eta herri eragileekin hitzarmenak zein ildoren baitan egin ere, hau da, zer nolako herri estrategia adostu. Era berean, elkarteak berak curriculuma martxan jartzeko zein urrats egin ditzakeen zehaztuko dute.

Larunbat goizeko hamaiketan Kursaalen eginen den ekitaldian zuzenean parte hartzera animatu zituzten guraso, ikasle, irakasle eta langileak, egun horretan etapa berri bat hasi nahi dutelako: curriculuma aplikatzeko hausnarketa eta lana.

estrategikoa

Prentsaurrekoan, argi utzi zuten eskola publikoa estrategikoa dela Euskal Curriculuma aplikatzeko eta, hortaz, Euskal Herriko gazteak bizitza osorako prestatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo